Julen Alberdi 'Txikia IV'.ak irabazi du Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala

Julene Frantzesena 2020ko urr. 11a, 10:19

Atzo jokatu zuten txapelketako finala Azpeitian. Txikia IV.ak eta Mikel Larrañagak lehia estua izan zuten hasieran, baina aise nagusitu zen azkoitiarra lanekin aurrera egin ahala. Jon Rekondo eta Ugaitz Mugertza ere finalean izan ziren. Harrijasotzaileen Binakako Txapelketa ere atzo hasi zen.

Herri kirolen plazan bilakatu zen atzokoan Izarraitz pilotalekua. Izan ere, EgurSportek antolatutako Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala izan zen han, 18:30ean hasita. Ez zen zale askorik izan frontoian, baina, halere, lehia ederra ikusi ahal izan zuten hara joandakoek.

Julen Alberdi Txikia IV.ak, Mikel Larrañagak, Jon Rekondok eta Ugaitz Mugertzak neurtu zituzten indarrak atzoko finalean, eta Txikia IV.a azkoitiarrak lortu zuen txapela. Sasoi oso onean dela erakutsi zuen atzokoan ere, baita berretsi ere; izan ere, abuztuan ezustekoa eman eta Urrezko Aizkolarien Txapelketa irabazi zuen.

Txikia IV.ak 24 minutu eta 50 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta bigarren sailkatu zen Larrañagak, berriz, 27 minutu eta 45 segundo. Horien atzetik sailkatu ziren Rekondo (29:58) eta Mugertza (30:28). Kirolariek bost izakeratako bederatzina enbor ebaki behar izan zituzten, eta hasieran Txikia IV.ak eta Larrañagak lehia estua izan bazuten ere, aise nagusitu zen azkoitiarra.

Hasi da binakako txapelketa

Harrijasotzaileen Binakako Txapelketako lehen jardunaldia atzo izan zen Izarraitzen. Jon Unanue Goenatxo III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a elkarrekin aritu ziren lehian, eta bien artean 62 jasoalditan 7.105 kilo altxatuta, marka ezarri zuten. Goenatxo III.ak zazpi aldiz altxatu zuen 175 kiloko laukizuzena; Izeta IV.ak 25 aldiz ehun kiloko zilindro zaharra; Goenatxok III.ak hamar jasoaldi eman zizkion 138 kiloko kubikoari; eta Izeta IV.ak 20 aldiz jaso zuen ehun kiloko bola.

Bestalde, emakumeen harri-jasotze erakustaldia eskaini zuten Karmele Gisasola Zelai III.ak eta Udane Ostolazak. Virginia Finolek ere parte hartu behar zuen, baina ez zen Azpeitian izan, min hartuta dagoekako.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide