Aurrera Ondarroa menderatu beharko du Anaitasunak Errege Kopan aurrera egiteko

Andoni Elduaien 2020ko urr. 11a, 09:00
Joan den asteko partida hasi aurreko unea. (Argazkia: Anaitasuna)

Xabier Artetxeren mutilek bi eta bat irabazi zioten Urgatzi talde arabarrari, baina Aurrera Ondarroak bat eta hiru menderatu zuen. Golen aldeagatik, Anaitasunak irabazi egin beharko du sailkapena lortzeko.

Anaitasuna futbol taldeko gizonezkoen taldeak gaur, igandea, jokatuko du Errege Koparako sailkapen faseko neurketa erabakigarria. Joan den larunbatean bi eta bat irabazi zuten Txerloian mutilek Urgatzi talde arabarraren aurka, baina asteazkenean Aurrera Ondarroak bat eta hiru menderatu zuen Urgatzi haren etxean. Ondarroak, beraz, golen abantaila alde du sailkapen faseko azken neurketara begira.

Hori horrela, Xabier Artetxe entrenatzaileak gidatzen duen taldeak irabazi beste aukerarik ez du gaur 16:30ean hasiko den neurketan. Aurrera Ondarroa taldeak, aldiz, berdinketa nahikoa du fasea gainditzeko. Neurketa, ordea, ateak itxita eta zalerik gabe jokatuko dute Ondarroako Zaldupe futbol zelaian. 

Anaitasunak irabaziko balu, Errege Kopako fase nagusia neurketa bakar batera izango luke. Izan ere, sailkatuta Espainiako beste federazio baten menpean dagoen talde bat izango luke aurkari. Partida bakarrera erabakiko lukete bi taldeek sailkapena. Partida hori ere aurrera ateraz gero, Europako txapelketetan parte hartzen ari ez den Espainiako Lehen Mailako talde bat izango luke aurkari. Aukera historikoa dute gaur, beraz, gorrixek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide