Alkatea

Javier Zubizarreta: "PCR proba borondatezkoa da, baina oso gomendagarria eta jendea egitera animatu nahi dut"

Andoni Elduaien 2020ko urr. 8a, 15:38
Javier Zubizarreta alkatea.

"Lasaitasun mezua" zabaldu nahi izan du Zubizarreta alkateak, baina baheketa selektiboa gauzatzeko PCR proba Azkoitian egin ahal izatea "aukera" dela esan du.

Atzo, asteazkena, hasi zen Gurea pilotalekuan Osakidetza baheketa selektiborako PCR probak egiten. 700 pertsonak egin zuten lehen egunean, eta gaur, osteguna, 1.500 proba egitea aurreikusten dute osasun arduradunek. Osakidetzaren asmoa da zapatu eguerdira arte pilotalekuan testak egiten jarraitzea. Hitzordua hartzeko, herriko anbulatoriora (943-00 76 10) edo osasun aholkularitzako zenbakira (900-20 30 50) deitu beharko da, baina anbulatorioan bertan ere eskainiko dute aurrerantzean hitzordua hartzeko aukera. 

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak PCR-a oraindik egin ez duten herritarrak proba egitera "animatu" nahi izan ditu, eta "aukera aprobetxatzeko" deia egin die azkoitiarrei. "17 eta 60 urte bitarteko 6.567 lagun daude deituta proba egitera, biztanleriaren %56a. Garrantzitsua da ahalik eta gehienek egitea PCR proba, herrian benetan zer egoeratan gauden ezagutzeko, sintomarik gabeko herritarrak eta kasu berriak detektatzeko zein COVID-19aren kutsadura murrizteko", azaldu du Zubizarretak. Azken unera arte utzi gabe, proba egin ahal duten guztiei "joateko" eskatu die alkateak. "Guztiontzat oso lagungarria izango den prebentzio neurria da".

Zubizarreta alkateak "lasaitasun mezua" luzatu du beste behin, eta herritarrei "kolaborazioa" eskertu die. "Birusa gure artean dago, eta ezin gara erlaxatu. Gaurko datuek argi erakusten dute intzidentzia. 23 positibo zenbatu dituzte eta datozen egunetan datu berriak izango ditugu. Egiten ari garena ona da kutsadura kasuak kontrolatu eta saihestu ahal izateko. Orain arte, gure datuak ez dira apartekoak izan, baina azken hamabost egunetako joera goranzkoa izan da, eta garrantzitsua da erreakzionatzea. Prebentzio neurri hau birusa geldiarazteko tresna da".

Baheketan parte hartzen duten boluntarioek, gainera, ez dute etxean isolatu edo bakartu beharrik izango emaitza jaso bitartean. Aldiz, sintomengatik edo kontaktu estuengatik PCRa egitera joaten direnak konfinatuta egon behar dute. Edonola ere, segurtasun neurriak zorrotz betetzeko deia egin du udalak, hala nola maskararen erabiliz eta eskuak sarri garbituz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide