Lehia estua espero dute Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finaleko protagonistek

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 8a, 13:00
Larunbateko jaialdian parte hartuko duten kirolarietako batzuk eta Azpeitiko Udaleko eta Egur Sporteko ordezkari bana, atzo, Azpeitiko plazan.

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan izango da jaialdia, etzi, larunbata, 18:30ean hasita. Aizkorako finalean Mikel Larrañagak, Julen Alberdi Txikia IV.ak, Ugaitz Mugertzak eta Jon Rekondok neurtuko dituzte indarrak; eta horiez gain, harri-jasotzaileak ere ariko dira. Sarrerak salgai daude Azpeitiko Mendizabal eta Pastorkua tabernetan, eta 685 750 848 telefono zenbakira deituta ere eskuratu daitezke.

Dena prest dute larunbatean 18:30ean hasita Izarraitz pilotalekuan jokatuko duten Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako final handirako. Antolatzaileek zein protagonistek halaxe adierazi zuten atzo arratsaldean, ekitaldia aurkezteko Azpeitiko udaletxean egin zuten agerraldian. Guztiek ere "lehia estua eta ikuskizuna" iragarri zituzten.

Agustin Lizarralde Azpeitiko Udaleko zinegotzia eta Luis Mari Bengoa Egur Sport enpresako ordezkaria izan ziren hitza hartzen aurrenak, eta elkarri eskerrak emanez hasi zuten agerraldia, Azpeitia herri kirolen plaza esanguratsu izateko batzuek zein besteek urteetan egin duten ahaleginagatik. Bengoak gogorarazi zuen badirela 25 urte Urrezko banakako eta binakako finalak Azpeitian egiten dituztela, eta aurten ere asmo hori zutela, baina "denok ezagutzen ditugun arrazoiak tarteko", ezinezkoa izan dela. "Martxoan egin genuen binakako txapelketako finala, baina herriko festak bertan behera utzi zituztenez, banakakoaren finala ezin izan genuen hemen egin. Horregatik, urtean bi hitzorduko ohiturari eusteko, erabaki dugu ligako finala hemen egitea".

Bengoak azaldu zuen aurten ez dutela izan liga jokatzerik, "astirik egon ez delako", baina finala egitea erabaki dutela. Hain zuzen ere, binakako eta banakako txapelketetako txapeldunek eta txapeldun ordeek jokatuko dute final hori: Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Ugaitz Mugertza mutrikuarrak eta Jon Rekondo leitzarrak. Horiek izango dira larunbatean nor baino nor ariko diren lau aizkolariak.

Bost eratako lanak egin beharko dituzte larunbateko saioan, "lan arinak, motzak eta ikusgarriak", Bengoaren hitzetan. Lehen lana erlojuaren kontra egin beharko dute; gero, kanaerdiko enbor bat zutik ebaki beharko dute; hirugarrenik, abiadurako lana gauzatu beharko dute 60 ontzako enbor batekin; jarraian, 45 ontzakoa zutik eta kanardiko bat etzanda ebaki beharko dituzte; eta azken lanean, lau enbor ebaki beharko dituzte. Lan guztiak azkarren egiten dituena izango da txapelduna.

Txikia IV.a eta Larrañaga dira larunbateko finala irabazteko faborito nagusiak, nahiz eta euren hitzetan "edonork izan txapela janzteko aukerak". Azkoitiarraren ustetan, inori ez dio mesederik egingo horrenbeste denboran lehiatu gabe egon izanak eta larunbatean ikusiko da "nork galdu duen gehiago". Biek ala biek uste dute zutikako lanak "erabakiorrak" izan daitezkeela. "Horietan egongo da denbora irabazteko edo galtzeko aukerarik handiena", Larrañagaren hitzetan. Rekondok, bere aldetik, plazara "ustekabea ematera" aterako dela iragarri zuen. "Ahal dudan lanik onena egin eta bi faboritoen artean muturra sartzera da nire helburua". 

Ekitaldi "biribila"

Aizkolariekin bakarrik saioa "hankamotz" geldi zitekeen irudipenak bultzatuta, eta ikuskizun "biribila" eskaintzeko intentzioarekin, harri-jasotzaileak ere ariko dira larunbateko saioan. Emakumezkoetan, Urrezko Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketako hiru finalistek —Karmele Gisasola Zelai III.a mallabiarra, Virginia Finol iruindarra eta Udane Ostolaza oriotarra— erakustaldia emango dute; eta gizonezkoetan, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarrak Binakako Harrijasotzaile Txapelketako lehendabiziko jardunaldia jokatuko dute. Hain zuzen ere, atzoko agerraldia baliatu zuten txapelketa horren aurkezpena egiteko.

Gizonezkoen txapelketa horretan parte hartuko dute honako bikote hauek ere: Jokin Eizmendik eta Gorka Etxeberriak; Julen Diazek eta Mikel Lopetegi Urra-k; Urdax Magunazelaiak eta Jon Irañetak; eta Aimar Galarragak eta Jagoba Otaegik. Bikote bakoitzak bi sailkapen jardunaldi jokatu beharko ditu, eta bi jardunaldietan kilo gehien batzen dituzten hiru bikoteek jokatuko dute finala, ahal dela, abenduaren 31n.

Sailkapen saioetan, bi minutuko txandetan altxatu beharko dituzte lau motatako harriak —175 kiloko laukizuzena, 138 kiloko kubikoa, 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bola—, eta hiru minutuko txandetan finalean. Koronabirusa kutsatzeko babes neurriak direla eta, kirolariek materiala partekatzea saihestu nahi dutela adierazi zuen Bengoak; horrela, kirolari bakoitzak harri horietako bi jasoko ditu.

Txapelketa "estua" iragarri zuten harri-jasotzaileek ere, "bikote parekatuak" egin dituztelako, eta erakustaldiak egiteko zailtasun dauden garaiotan, txapelketa plazara ateratzeko aukera ontzat jo zuten.

Sarrerak salgai

Larunbateko jaialdirako sarrerak Mendizabal eta Pastorkua tabernetan egongo dira salgai, 25 euroren truke, eta 685 750 848 telefono zenbakira deituta edo idatzita ere egongo da haiek eskuratzeko aukera. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide