'Miñan: bizi nahiaren hitzak' solasaldia Amets Arzallusekin asteazkenean, Elkargunean

Andoni Elduaien 2020ko urr. 8a, 10:35
Ibrahima Balde eta Amets Arzallus. (Argazkia: Andoni Canellada)

Datorren asteazkenean eskainiko du solasaldia Arzallusek Elkargunean. Urriaren 23rako, berriz, bertso-saioa antolatu dute Egaña, Lujanbio, Mendiluze eta Gaztelumendi bertsolariekin.

Amets Arzallus bertsolari eta idazleak Miñan bere azken liburuaz solasaldia eskainiko du datorren asteazkenean, urriak 14, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. 19:00etarako antolatu du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak solasaldia, udalaren laguntzarekin.

Ibrahima Balde gazte ginearraren istorioa kontatzen du Arzallusen Miñan liburuak, jaio zenetik Europara iritsi zen arteko istorio gordina; hain zuzen, Afrika iparraldetik Euskal Herrira nola eta zergatik iritsi zen azaltzen du. 

Bidaia horren ertzak azalduko ditu Amets Arzallusek Azkoitian, Ixabel Jauregi moderatzaileak gidatuta. COVID-19a tarteko, gainera, solasaldia segurtasun neurri guztiak hartuta egingo dutela azaldu dute antolatzaileek.

Urriaren 23an, bertsoak

Arzallusen solasaldia, ordea, ez da Maxixatzenek eta Floreagak elkarlanean antolatu duten ekintza bakarra. Udalak lagunduta, urriaren 23an bertso-saioa eskainiko dute Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek, Baztartxo antzokian.

Juan Inazio Sudupek proposatuko dizkie bertsotarako gaiak lau bertsolariei 22:00etatik aurrera. Saiorako sarrerak sei euroren truke salduko dituzte emanaldi egunean Baztartxo antzokiko leihatilan bertan. Hala eta guztiz ere, Maxixatzeneko bazkideek sarrera doan eskuratu ahal izango dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide