'Lurralde hotzak' dokumentalarekin, bihar hasiko da Zinetogramen denboraldi berria

Olaia Juaristi 2020ko urr. 8a, 09:30
'Lurralde hotzak' dokumentalaren fotograma bat.

Iratxe Fresneda zuzendaria Baztartxon izango da bihar iluntzean filma aurkezten, eta emanaldiaren bukaeran, solasaldirako tartea irekiko dute. Hark azaldu duenez, Lurralde hotzak dokumentala "irudien estatusaren inguruko hausnarketa" da.

Matadeixe Zinetogramek, COVID-19ak eragindako etenaldiaren ostean, Baztartxoko zinema proiekzioei berriro ekitea erabaki du. Antolatzaileek argi dituzte emanaldiak antolatzen jarraitzeko arrazoiak: "Zinema maite dugulako, bizi dugun garaian ezinbestekoa delako, egileen zinema aldarrikatzen dugulako, emakume zuzendarien begirada partekatu nahi dugulako eta Baztartxoko iluntasunera itzuli nahi dugulako, bazterrean geratutako begiradek ere gurean lekua izan dezaten".

Taldeak azaldu duenez, "gogotsu eta indartsu" hasteko nahian, lehendabiziko proiekzioa Iratxe Fresneda zinemagilearen Lurralde hotzak (2018) dokumentala izango da. Bihar, ostirala, izango da lehen emanaldi hori Baztartxo antzokian, 22:00etan hasita. Gainera, Fresneda Azkoitian izango da dokumentala aurkezten, eta filma ikusi ondoren, zuzendariarekin solasaldia egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Bestalde, denboraldi honetako datozen proiekzioak zein izango diren aurrerago jakinaraziko du taldeak.

Aurten ere, film bakoitzaren ondotik, ikusleek pelikulei emandako puntuazioa jasotzen jarraitzeko asmoa dute antolatzaileek, horretarako zinema sarreran jarrita egongo den kutxaren bidez. 2019-2020an jasotako puntuazioaren arabera, esaterako, zinetogramzaleek gogokoen izan zuten filma Glittering Misfits izan zen (Iban del Campo, 2019). Bigarren postuan dago Les Miserables (Ladj Ly, 2019), eta hirugarrenean, Portrait de la jeune fille en feu (Céline Sciamma, 2019).

Iratxe Fresneda, Lurralde hotzak dokumentalaren zuzendaria.

Hausnartzeko bidaia

Lurralde hotzak (2018) dokumentala "irudien estatusaren inguruko hausnarketa" dela azaldu du Iratxe Fresneda (Arrigorriaga, Bizkaia, 1974) filmaren zuzendariak. "Irudiz inguratuta gaude, baina zer puntutara arte dakigu horiei begiratzen?", dio. Galdera hori abiapuntu bezala hartuta, road movie-a egin du, dokumental formatuan. Kamera eskuan hartu, eta Euskal Herrian hasi eta Eskandinavian amaitzen den ibilbidea egin du, Islandian bukatuta. 

"Urte askotan egindako lanaren emaitza" dela gaineratu du Fresnedak. Eskandinaviako herrien zinemagintzaren inguruan asko ikertu du, bere ikerlerro nagusia baita. "Laneko bidaietan eta ikerketetan egin ditudan aurkikuntzen bitartez, nire zirriborroak marraztu ditut: storyboardak, apunteak, ideiak… Ondo ezagutzen ditudan eta sarritan bisitatu ditudan lekuak filmatzera abiatu naiz dokumentalean, beraz, ez dira lurralde berriak niretzat. Hori bai, dokumentala grabatzen ari nintzen bitartean sorpresa asko izan ditut".

Filma "irudien gaineko hausnarketa" dela azaldu du zuzendariak. "Nola erregistratzen ditugun irudiak, zelan begiratzen dugun inguratzen gaituena… Baina bestalde, zinemaz eta Historiaren kontaketa txikiez ere arduratzen naiz. Bidaia da Lurralde hotzak, emakume baten begiradaren eta bere barne pentsamenduen eskutik egin daitekeena. Bidean, esku horretaz askatzeko aukera du ikusleak", gaineratu du.

Gaur egun UPV/EHUko unibertsitatean lan egiten du Fresnedak, Ikus-entzunezkoen komunikazio sailean irakasle eta ikertzaile bezala. Zinemagintzari dagokionez, berriz, hirugarren film luzea prestatzen ari da –Tetuán–, erregistroaren trilogiaren azkena, Irrintziaren oihartzunak (2016) eta Lurralde hotzak (2018) burutu ondoren.

Dokumentalaren beste fotograma bat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide