Eneritz Furyak eta Makkela, kontzertu bikoitza iganderako Matadeixen

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 6a, 10:44
Eneritz Furyak. (eneritzfuryak.com)

Irungo abeslariak eta musikari finlandiar alemaniarrak 19:00etatik aurrera eskainiko dituzte beren saioak urriaren 11n. Sarrerak aurrez erosi behar dira, Matadeiko posta elektronikora idatzita.

"Aspaldiko partez" kontzertu eskaintza bikoitza prestatu du Matadeixek. Igande honetan izango dira bi kontzertuak, eta Eneritz Furyak eta Makkela igoko dira Matadeiko oholtzara, 19:00etatik aurrera.

Kasernarat taldean aritu ostean, bi disko plazaratu ditu orain arte Eneritz Furyak irundarrak: Eneritz Furyak (2017) bilduma eta Zaldi zuria / Maskara kantu biko singlea (2018); bakarkao hirugarren lana bidean du, oraindik argia ikusi ez badu ere. "Hitz poetiko ilunkarak kantatzen dituen ahots berezi eta pertsonala da Eneritz Furyakena. Heterodoxoegia folk konbentzionaleko ikuspegi hertsiarentzat, popetik ez da urrunegi, baina punka da osagai ezinbestekoa bere kantuetan. Sortzeko modu sinpleagatik, kantuen trinkotasunagatik, bere kabuz eta eskura dituen tresna apurrekin produzitu nahiz grabatzeagatik", irakur daiteke bere biografiako aurkezpenean. Zaldi zuria abestiaren bideoklipa da beherkoa:

Makkela, berriz, musikari finlandiar alemaniarra da. "Urte askoko ibilbidea atzean, eta talde askorekin kolaboratu ondoren, oraingoan bakarkako biran dabil bere folk noir doinuak alde batetik bestera zabalduz", aurkeztu dute Matadeiko kideek. Bere Light Enough To Travel kantuaren bideoklipa da behekoa:


Sarrerak erosteko

Igandeko kontzertuetarako sarrerak 7 eurotan jarri ditu salgai Matadeixek eta aurrez erosi behar dira, mataderoekintzak@gmail.com e-posta helbidera idatzita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide