Erretratua

Julen Alberdi: "Profesionalak bezala prestatzen gara, profesionalak izan gabe"

Marrazkia: Gorka LarraƱaga. / Argazkiak: Ibon Errazu eta utzitakoak.

Aizkorarekin egiten duen lanagatik da ezaguna Julen Alberdi Zinkunegi 'Txikia IV.'a (Azkoitia, 1991) aizkolaria. Azken urteetako enbor gaineko jarduna eta aizkoraren egoera hizpide izan ditu, besteak beste, aizkolari azkoitiarrak.

Txikia izendun kamisetarekin alberditar bat baino gehiago igo da enbor gainera historian zehar aizkoran jardutera. Bere etxekoek egindako lanari segika jarraitzen du egun Julen Alberdi Zinkunegi Txikia IV.ak (Azkoitia, 1991); ez edonolako mailan, gainera. Pasa den udan irabazi du Urrezko Aizkolarien Txapelketa, eta nola ez, "gustura" dago aizkolari azkoitiarra. "Urte askotako lana bere fruitua ematen ari da. Goi mailan jarraitzen dudala nire buruari erakusteko oinarria izan da azken txapela. Lanean jarraitzeko gogoa ematen du", azaldu du irribarretsu Alberdik.

Iaz, Gipuzkoako Txapelketa lortu zuen, eta aurten, Urrezko Aizkolarien Txapelketa irabazi du. Handienen parean jartzeko, ordea, Euskal Herriko txapela jantzita ikusi nahi du bere burua Alberdik. "Txapelik bereziena Euskal Herrikoa da. Ondoren, niretzat behintzat, Gipuzkoako txapelketa. Badaude goi mailako beste txapelketa batzuk ere, Urrezko Kopa eta Urrezko Aizkolarien Txapelketa esaterako, baina Euskal Herrikoa da aizkolari guztiok amesten dugun txapelav, adierazi du Txikia IV.ak. "Inoizko sasoirik onenean" dagoela sentitzen du azkoitiarrak, "bai sasoiz eta bai motibazioz". Iaz, Gipuzkoako txapela "sorpresaz" irabazi zuela aitortu du, eta aurten Urrezko Aizkolarien txapela "espero gabe" jantzi duela.

Txikiatarrek aizkolari ibilbidea hasi zutenetik, laugarrena da sagan Julen Alberdi. Baina nondik datorkio aizkolariari Txikia ezizena? Horrela azaldu du: "Juan Luis aitona izan zen txikiatarron artean lehen aizkolaria. Hark, Juan Jose Narbaiza Luxia aizkolariaren aurka jokatu zuen apustua", hasi du kontakizuna Alberdik. Urrategi auzoko Uzin baserrikoa zuen aitona Juan Luis. Aizkora munduan hasi zen lehenengo, baina gerora idi probetan txapelketa asko bereganatu zituen, haien artean Espainiako Txapelketak. Luxia aizkolaria ere azkoitiarra zen, hain zuzen ere Urrategi auzoko Zabaleta-Azpikoa baserrikoa; gerora, txapeldun handia bilakatu zena. Aitonagandik datorkion ezizenaren jatorria argitzen jarraitu du Alberdik: "Gure aitona gorputzez ez zen oso txikia, baina Luxia ia bi metroko gizona zen. Horrela, apustu hartarako bati Luxia ezizena jarri zioten eta Txikia nire aitonari. Ordutik, Juan Luis Alberdi nire osabak Txikia II.a izena hartu zuen, eta Inazio Alberdi nire aitak Txikia III.arena. Orain, neu naiz laugarrena", eman du azalpena. Aizkora munduan sartzeko, etxean ere "lagundu" diotela aitortu du; nolako zura, halako ezpala alberditarren etxean.

Julen Alberdiren aitona Juan Luis. 

Ondo markatutako pausoak

Haurra zela eman zituen lehen aizkorakadak Julen Alberdik, horrela oroitzen du behintzat. "Aizkoran umetan ibiltzen nintzen etxean, tarteka egurren bati kolperen batzuk ematen; 8 urte inguru izango nituen orduan. Gurasoak etxean lanean ari zirenean, aizkora hartu eta harekin jarduten nuen, harrapatutako lehen egurrari kolpeka. Horrelako irudi lauso batzuk baditut", kontatu du. Horrela, poliki-poliki, plazetan erakustaldiak ematen hasi zen arte. "Lehen aldiz 18 urterekin aritu nintzen jendaurrean. Bi kuadrillen arteko apustu bat egin genuen, herri kirol desberdinetan. Nik etxean aizkoran jarduten nuenez, enborrak ebaki behar izan nituen. Irabazi egin genuen, eta galtzaileek Lasturren bazkaria eta arratsaldeko egonaldia ordaindu ziguten". Gerora, beste plaza batzuk ere egin ohi zituen, ordea, aizkolariak. "Azkoitiko Baztarrikaldeko festetan ere jarduten nuen. Erakustaldi haietarako etxean jarduten nuen prestatzen pixka bat, baina aizkorari inolako lehentasunik eman gabe", dio Alberdik. Plaza guztien artean gustukoena duenetik gertu aritzen zen Alberdi hastapeneko urteetan; Gurea pilotalekua du kuttuna. "Berezia da, eta horregatik beti errespetua eman dit; herrikoa izanda, etxekoa sentitzen dut", adierazi du.

Azken urteetan egin du goi mailara jauzia aizkolariak. Halere, ez dira urte gehiegi pasatu aizkora "serio" hartu zuenetik: gogor prestatzen 23-24 urte zituenean hasi zen. Hona hemen zergatia: "Ikasketak zirela eta, pixka bat alboratuta izan nuen aizkora. Tartean behin etxean jarduten nuen, baina ez nuen ibilbide bat hasteko asmoarekin egiten aizkoran; gustatzen zitzaidalako egiten nuen. Unibertsitate garaian, Arrasaten [Gipuzkoa] pasatzen nuen eguna, eta ikasi egin behar izaten nuen etxera itzulitakoan. Orduan ez nion lehentasunik ematen aizkorari, ikasketak ziren nire aurreneko gauza", azaldu du argi Txikia IV.ak. 23-24 urte zituela ikasketak amaitu eta orduan heldu zion bete-betean aizkorari, eta txapelketa munduan murgildu zen. Gorritin (Nafarroa) egin zuen lehen plaza aizkolari azkoitiarrak, Hirugarren Mailako kanporaketa jokatuz. "Aizkora betidanik gustatu izan zait, eta zenbateraino gai nintzen ikusteko, probatzea erabaki nuen. Aizkoran inor izatera iristeko gaitasunik nuen jakiteko, erronka jarri nion neure buruari". Harrezkero, aizkora “bizitzeko era” da Txikia IV.arentzat. "Lanbide bat bezala hartzen dugu. Profesionalak bezala prestatzen gara, profesionalak izan gabe", adierazi du.

Aizkoran lan bat baino gehiago egin behar izaten dute aizkolariek, eta ondoen zeinetan moldatzen den galdetuta, hauxe Alberdiren erantzuna: "Orain arte lan motzetan ibili izan naiz hobeto; asko gustatzen zaizkit, bereziki lehertzekoak diren jardunak, zutikakoa, adibidez. Halere, gero eta gehiago ari zait gustatzen lan luzea egitea; aukeran, egur handi samarrekin", azaldu du argi Txikia IV.ak. Lana motza edo luzea izanda ere, aizkolariek egin behar izaten dituzten prestaketa lanak ez dira nolanahikoak. Alberdik esandakoaren arabera, garbi dago enborra mozteko era guztietako prestaketak egin behar izaten dituztela aizkolariek. "Gimnasioan indar ariketak egiten ditut, mendira ere joaten naiz ibilaldiak egitera, bizikletan eta arrauneko ergometroan ere asko ibiltzen naiz, eta, noski, etxean aizkoran jardun behar izaten dut".

Aizkoraren egoera

Aizkora kirol garestia dela askok eta askok esan izan dute, eta Alberdik baieztatu egin du esaldia. "Entrenatzen dugun bakoitzean egurra moztu behar dugu. Egur hori ez da pinudietatik ateratzen dena, pago enborrak izan behar dute, gero txapelketetan-eta pagoa moztu behar izaten baitugu. Egurra erosi egin behar izaten dugu, eta nahiko garestia da". Etxean, urtean, "50-70 tona egur" moztera irits daitezkeela azaldu du aizkolariak. "Aurtengo urtea ikusita, eta erakustaldi gutxi izan ditugunez, etxean inoiz baino egur gehiago moztu behar izan dugu", nabarmendu du azkoitiarrak. Aizkorako entrenamenduak egin ondoren, ebakitako egur horiek txikitu eta lehortu egiten dituzte gero, negu sasoia heltzen denean egurra hainbat etxetara eta baserritara saltzeko. "Aizkorarako egurra erosten gastatzen dugun adina diru ez dugu ateratzen etxean ebakitako egurrak salduta, baina zati bat gutxienez bai". Aizkora da aizkolarien lanabesa, eta mota askotakoak erabiltzen dituzte aurrean jarritako enborrak ebakitzeko. Egur gogorra denean mota bateko aizkora hartzen dute eskuan, eta biguna denean beste bat. Alberdik dio aizkorak ere "hautsi" egiten direla eta berria erostea "garestia" dela. Halaber, Alberdik bestelako prestaketetan ere gastua egiten duela azaldu du. "Serio hartzen duen edozein kirolarik bezala, esfortzu probak eta prestatzaileak ere ordaindu egin behar izaten ditugu, adibidez. Gastu guztiak batuta, ikus daiteke kirol garestia dela aizkora. Irabazi aldetik buelta txiki bat ematera irits gintezke, normalean, baina, gastuak gehiago izaten dira irabaziak baino".

Norbanako bezala zailtasun gutxi ez, eta kolektiboki ere gero eta behar gehiago hasi dira sumatzen aizkolariak. Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa antolatzeko arazo bat baino gehiago ikusi dute aizkolariek bidean. Horregatik, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi duen txapelketari uko egin diote, eta aizkolariek beraiek antolatutako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute datozen asteetan. Aizkolariak behin baino gehiagotan azaldu dira kezkatuta aizkorak egun duen egoerarekin, eta federazioaren eta kirolarien arteko desadostasunak hainbat alditan gelditu dira agerian. Alberdik aizkora nola dagoen azalduz egin du gainbegiratua. Azkoitiarrak uste du, duela urte batzuk baino "maila baxuagoan" dagoela egun aizkora, baina "une txarragoak" pasatutakoa dela dio. "Orain dela hamar edo hamabost urte okerrago zegoen aizkora. Ordutik berpizten ari da. Lehen Mailan oso aizkolari gazteak egotea da horren adierazgarri", dio Alberdik. Egun, Lehen Mailan askotan "ezustekoak" emateko gai diren bost edo sei aizkolari ikusten ditu Txikia IV.ak, "nahiko maila parekoa" dutenak guztiak. Halere, atzetik bultzaka aizkolari gazteak ere badatoz azkoitiarraren arabera: "Aizkolari gazteak itxura onarekin datoz. Hemendik urte batzuetara beste berrikuntza txiki bat egongo da; atzetik bultzatuko gaituzte, eta guztiok ere gogotik prestatu beharko dugu gauden mailari eusteko".

Arrazoi horiengatik, aizkora eraberritzeko premia ikusten du Alberdik, eta arraunak urte gutxian egindako jauzia jarri du mahai gainean. "Arraunak orain dela urte batzuk ez zuen gaur duen bezainbesteko indarrik, baina orain uda sasoiko kirol nagusienetako bat dela esango nuke". Hori lortzeko, "lan asko" egin behar dela dio, eta jarduten ez bada egiten, edozein kirol egon daitekeela arriskuan. "Komunikabideetan-eta ez bazaio denborarik eskaintzen edo ez bazaio bultza egiten, galtzeko joera handia hartzen dute kirol txikiek. Lantzen bada, ordea, zaharkitu ordez, berritu egin daiteke; lan handiak dira, baina ezinbestekoak", azaldu du Alberdik aizkorak hartu beharreko bideari buruz.

Enbor gainean aizkorarekin jarraitzeko asmoa du Alberdik, baina argi du aizkorak noraino eramango duen "bizitzak" erakutsiko diola. "Ondo naizen bitartean, eta bizimoduak laguntzen badit, aizkoran jarraituko dut; beti ere, maila ona emateko gai naizen bitartean". Orain arteko mailan jarraitzen badu, Azkoitiko herriak beste pixka baterako aizkolaria du.

Motzean

Adina: 29 urte.

Ikasketak: Ingeniaritza mekanikoa.

Lanbidea: Ingeniaria.

Aizkolaria ez banintz… arrauna probatuko nuke.

Aizkorako lanak amaitutakoan… pasada errekuperatzeko, pixka batean lasai egon behar.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide