Bestaldetik

Idoia Uranga: "Oholtzan bizitzen diren sentsazioek ez dute parekorik"

Olaia Juaristi 2020ko aza. 14a, 09:00
Idoia Uranga. (Argazkiak: Kris Fernandez eta utzitakoak)

'Goenkale'n egin zen ezagun, eta, askok, Arraldeko Beatriz bezala ezagutzen dute oraindik herrian. Halere, kamera atzean eskarmentu gehiago du, hainbat produkziotan jardun ostean; azken urteotan, esaterako, 'GO!azen' telesaileko aktore zuzendaria da. Hori bai, ezeren gainetik, bi seme-alaben ama dela dio. Urriko Maxixatzen aldizkarirako egindako elkarrizketa.

Bromazalea eta alaia da Idoia Uranga (Azkoitia, 1972). Urrategi auzoa du herriko txokorik kuttunena, bere haurtzaroa han igaro zuelako. Ordutik, bizitzak hainbat bira eman dizkiola azaldu duen arren, azken urte hauetan pozik eta lasai bizi dela dio. Film labur nahiz luzeetan, antzerkietan eta telebistako hainbat saiotan lan egiteaz gain, zinegotzia ere izan zen joan den agintaldian, bokazioz. Bere bizitzan politikak garrantzitsua izaten jarraitzen badu ere, denbora baterako hortik urrundu nahi izan du.

Nolatan hasi zinen antzerkiaren munduan?

Ez nuen argi zer ikasi nahi nuen. Administrazioko zikloa egin nuen, eta hango praktikaldian konturatu nintzen lan hura ez nuela gustuko. Orduan, gogoan dut aitarekin eta amarekin hizketan egon nintzela sukaldeko mahaiaren bueltan –familiako elkarrizketa inportanteenak eta ederrenak beti sukaldean izaten genituen–, eta Arte Dramatikoko ikasketak hasi nahi nituela esan nien. Antzerkiaren munduak bizia ematen zidala adierazi nien, eta horrek betetzen ninduela. Izan ere, ordurako Azpeitiko Antxieta antzerki taldera joaten nintzen. Hala, gurasoen ulermenari eta oniritziari esker, Donostian atera nuen antzerkiko titulua. Garai haietako oso oroitzapen onak ditut. Zoragarri pasatzen nuen.

Eta handik telebistara?

Bai, castingetara joaten hasi nintzen, eta bigarrengoan, Goenkalerako zenean, onartu egin ninduten. Beatriz pertsonaia izango nintzela jakinarazi zidaten, baina ilea horiz tindatu beharko nuela. Hainbeste urteren ondoren ohitu egin naiz, eta horrela mantendu dut ilea.

Goenkaleko nolako oroitzapenak dituzu?

21 urterekin hasi nintzen, eta zazpi denboraldi egin nituen bertan. Haurdun geratu nintzenean utzi egin behar izan nuen. Urte oparoak izan ziren, eta Goenkaleri esker ditut oraindik hain lagun onak. Urte haietan, hainbat ikastaro ere egin nituen, ikasten jarraitzeko. Bestalde, etxeak garbitzen eta umeak zaintzen ere aritu nintzen lanean. Gure aita hiru urtez egon zen ohean minbiziarekin, eta amari lagundu behar niola sentitzen nuen. Horregatik, telebistan irabazten nuen dirua amari ematen nion, nahiz eta gero, autoa erosteko, urteetan emandako dena itzuli zidan, gordeta baitzituen.

Nolakoak izaten ziren telesailaren grabaketak?

Hasieran asko kostatzen zitzaidan gidoiak buruz ikastea; orrialde asko izaten ziren. Egun bakar batean 11 sekuentzia grabatzen genituen; hogei bat orrialdeko gidoia izango zen. Astebete lehenago ematen ziguten gidoia. Beraz, grabaketak amaitu eta etxera etorritakoan ikasi egin behar izaten genuen. Orduan konturatzen zara gihar bat dela burua: zenbat eta gehiago erabili, orduan eta azkarrago barneratzen dituela gauzak.

Gidoia buruan sartzeko, zein izaten ziren zure taktikak?

Kontxu Odriozolak erakutsi zidan; hark pila bat lagundu zidan hasieratik. Gidoian hitz egiten zenari buruzko marrazkitxoak egiteko esan zidan. Orduan, grabatzen hasterakoan, zeharka gidoiari begiratu, eta marrazkitxoa ikusita banekien zer esan behar nuen.

 

"Kalean batzuek oraindik Beatriz deitzen didate, Goenkaleren eraginez"

 

Garai haietan, Beatriz edo "hankame" izango zinen askorentzat. Ba al duzu horri lotutako bitxikeriarik?

Gidoian "hankame" idatzita zegoen, nik jaso nuenerako. Hanka mehea inoiz ez naiz izan, eta grabatzen hasi aurretik aldatzea komeniko zela esan nien. “Ez, hori polita da, sudur luzeari mutur motz deitzea bezala izan daiteke”, esan zidaten, eta hala mantendu zuten.

Ezagun izanda eroso sentitzen al zinen garai hartan?

Nahiko eroso. Oso harrigarria eta, aldi berean, atsegina izan zen. Gainera, eskertzekoa zen egiten nuen lanagatik ezagutzea eta zoriontzea, kontuan izan behar baita ikus-entzuleei esker gaudela hor lanean. Zenbait egoeratan, ordea, festetan gehiegi edandako batzuk pentsatzen zuten eskubidea zutela edozer esateko telebistan ateratzen nintzelako. Egoera horiek gogorrak egin zitzaizkidan. Lagunekin Kilometroetara joateari ere utzi nion denbora batez, autografoak sinatzen eta argazkiak ateratzen ematen nuelako denbora.

Jendeak asmatzen al zuen bereizten Arraldeko Beatriz eta Azkoitiko Idoia?

Batzuk oraindik ere Beatriz deitzen didate. Berdin dit; nire bizitzako etapa polit bat gogorarazten didate. Halere, Jose Cruz Gurrutxagaren bikotekidea nintzenean, sekuentzia asko musu ematen grabatu behar izaten genituen. Behin, amak esan zidan kalean herritar batek gelditu eta zera esan ziola: “Hire alaba Gurrutxagakin musuke ikusi ninenan atzo; zer ittein horrekin, ez al zion ba ezkondute?”. Bitxia zen jendearen nahasmena fikzioaren eta errealitatearen artean.

Goenkale amaitu zenean, nora jo zenuen?

Harrezkero, kamera atzean jardun dut hainbat produkziotan, aktore zuzendari bezala gehienetan: Vaya Semanita, Hasiberriak, Goenkale, Euskolegas, Jon eta bere familia, Aitaren etxea, Ihesaldia eta Go!azen, besteak beste. Aio eta Laiotz film laburrak, eta Korosagasti film luzea, ahaztu gabe. Lan horiek, ordea, ez dira urte osorako, eta fakturak ordaintzeko eta familia aurrera ateratzeko, zerbitzari lanetan ere aritzen naiz; pozik, gainera.

Telebistan atzeko lana nahiago al duzu?

Bai. Dena kontrolatuta dudala sentitzen dut. Aktore batek gidoia Gure Aita bezala ikasita ekarri behar du, eta grabaketetan erlojuaren presio handia dago. Kameraren atzean gaudenean, gidoiak aurrez oso ondo prestatuta eramaten ditugu, eta, zuzenean, lortu nahi dugun horren bila goaz; bidea markatuago daukagu. Aktoreak, aldiz, grabazioan zehar bidea bilatzen joan behar du.

Aktore izateak lagunduko du zuzendari izateko, ala?

Bai, horrek aktoreekiko enpatia ematen du, beraiek ulertzeko eta errazago laguntzeko. Go!azeneko gaztetxoekin, esaterako, askotan aritu behar izaten dut amatxo lanetan, hainbat kezka izaten dituztelako nerabezaroan.

Azkoitiko EH Bilduko zinegotzia izan zinen 2015-2019 urteen artean. Nolatan hasi zinen politikaren munduan?

Nire bizitzan politika oso inportantea izan da. Gaztetxoa nintzenetik eduki dut nire ideologia aldarrikatzeko gogoa, eta hainbat manifestaziotan eta mugimendutan parte hartu izan dut. Agintaldi horretako zerrendetara aurkeztu nintzen, pentsatzen nuelako herriaren alde zerbait gehiago egin behar nuela. Indartsu eta motibatuta nengoen. Nire bizitzak bira asko eman ondoren, orekan sentitzen nintzen horrelako pauso bat emateko. 'Egin dezaket', pentsatu nuen. Kultura zinegotzi posturako aurkeztu nintzen, kultura nire bizitzako zati inportante bat delako.

Oposiziotik lan egitea egokitu zitzaizun.

Udaletxe barruan gauzak nola egiten ziren ez nekien ezer, eta horrelako postu garrantzitsu bat hartzeko formakuntzak jaso nituen, politikako hainbat ikastaro eginez. Oposiziotik lan egitea egokitu zitzaigun, bai, eta kontua ez da aurka egitea. Oposizioan egon arren, herriarentzako gauza onen bila aritu behar da, eta beti gauza berriak proposatzen aritu behar da. Parte hartzetik lan egitea ere garrantzitsua dela uste dut. Herritarren ahotsa entzutea eta kontuan izatea ezinbestekoa da. Niretzako gogorrena orduko Udal Gobernuak zuen gehiengo osoarekin batera lan egitea izan zen. Gainera, iruditzen zitzaidan –inpresio pertsonala da– EH Bildutik zetorren guztiari ezezkoa erantzuten ziotela. Agintaldi hura bukatzean, erabaki nuen denbora batean distantzia pixka bat hartzea politikatik. Oraindik garbiketa fase horretan nago nire buruarekin; asko eragin zidan.

Politikak harreman pertsonaletan ere eragin al zizun?

Inoiz ez ditut nahastu alderdien arteko ezberdintasunak harreman pertsonalekin. Askotan, udal bilkuratik muturtuta irten arren pertsona batekin, gero harekin zurito bat hartzera joateko gai nintzen. Hori bereizten jakin behar da, dena oso toxikoa bihurtzen da bestela.

Distantziatik bada ere, informatuta jarraitzen al duzu?

Bai. Zentzu apalago batean, baina eguneratuta egoten ahalegintzen naiz. Egunero albistegiak ikusten ditut. Aktibo egon ez arren, EH Bildukoa sentitzen naiz, koalizioak aldarrikatzen dituen gauzekin bat egiten dudalako.

Azkoitiar petoa al zara?

Hala sentitzen naiz bederen [barrez]. Bertan jaio eta bizi naiz. Maite dut nire herria eta bertako euskalkia –batzuk errieta egiten didaten arren, batzuetan ye-ye hitz egiten dudalako–. Ama azpeitiarra da, eta bere hitz egiteko modua itsatsi zait. Hala ere, esan behar da berak xe-xe askotan erabiltzen duela, hainbeste urte Azkoitian bizitzen egon ondoren.

Zein dituzu eredu?

Aita eta ama; beraiei esker naiz naizena. Neure buruarengan konfiantza izatearen garrantziaz ohartzen, nire sena baloratzen, aldamenekoen minarekin bat egiten eta, ahal den heinean, ondorengoen etorkizuna hobetzen ahalegintzen erakutsi zidaten.

Aisialdian zer egitea duzu gustuko?

Familiarekin mahaiaren bueltan, bazkari eder baten ostean eta ardo on batekin hitz egitea asko gustatzen zait. Lagunekin kontzertuetara, antzerkira edota zinemara joatea ere oso gogoko dut. Bizi soziala maite dut. Era berean, ordea, bakarrik ibiltzea, niretzako denbora edukitzea ederra da. Bakarrik, baina ez bakardadean. Zapatilak jantzi, kafetxo bat hartu etxeko terrazan eta Urrategira joaten naiz, Ama Birjinari eskerrak ematera eta laguntza eskatzera –fededuna naiz, baina katoliko praktikantea ez–. Liburu on bat irakurtzea ere atsegin dut, eta, noski, aktore zuzendaria izanda, gidoi asko irakurtzen ditut. Konfinamenduan, adibidez, liburu hauek berrirakurtzeko aprobetxatu nuen: La insoportable levedad del ser, Los pilares de la tierra, Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak eta Gabriel Aristiren hainbat poema. Musika ere garrantzitsua da niretzat. Ez naiz estilo bakarreko emakumea; momentu bakoitzak bere doinua du. Ludovico Einaudiren sentsibilitateak, esaterako, zirrara pizten dit gorputzean. Hauek entzun ohi ditut: Hans Zimmerren soinu banda, La casa azul, The cure, Linkinpark, Sharif...

Bidaiatzeko joerarik ba al duzu?

Bost urte daramatzat oporrik gabe. Libre ditudan egunetan bungalow bat hartu eta umeekin egun batzuk pasatzera Landatara joaten gara. Aspaldiko partez, hegazkina hartu nahi nuke, eta beste kultura bat ezagutu, beste hizkuntza bat ikasi… Asko gustatzen zait bidaiatzea, eta pena da urteetan aukera askorik eduki ez izana.

 

"Ogia erostera joateko betileak margotzea gustatzen zaion horietakoa naiz"

 

Garrantzitsua al da zuretzat itxura?

Nire itxuraz bakarrik kezkatzen naiz, ez besteenaz, eta are gutxiago besteena kritikatu; baina, bai, pinpirin samarra naiz. Ogia erostera ateratzeko betileak margotzea gustatzen zaion horietakoa naiz [barrez].

Eta osasuna?

Kirol pixka bat egiten dut; gutxi, egia esan. Pasieran eta bizikleta estatikoan ibiltzen naiz. Halere, bi bizio ditut: kafea eta zigarroa. Dena den, frutak, barazkiak eta arraina gehiago jaten ari naiz azkenaldian. Gozoa jatea ere asko gustatzen zait, ordea.

Bizitzan zein dira zure lehentasunak?

Lehendabizi, ama naiz; ezeren gainetik, semealabak daude. Ume zoragarriak ditut: semeak, 18 eta alabak, 15 urte dituzte. Koronabirusagatik etxean sartuta egotea opari bat izan zen niretzat. Oso ondo egon ginen. Elkarrizketa luzeak eduki genituen elkarrekin. Esaterako, konturatu ginen hiruroi serieak edo filmak ikustea asko gustatzen zaigula. Monopolian ere ibili ginen, txikitan bezala. Gainera, txikitako argazkien bilduma bat bilatu genuen, eta orduko oroitzapenak elkarrekin gogoratzea, bakoitza alde banatan nuela, zoragarria izan zen. Urtean zehar zailagoa da horrelako momentuak sortzea. Emakume maitatua, autosufizientea, langilea eta askea naiz. Eskerrak eman beharrean nago. Urte luzez horrela jarraitzea lehenesten dut, ametsak eta grinak betez.

Nolako ama zara?

Seme-alabak gehiegi babesten ditudala uste dut. Beren nortasuna eta kontzientzia dutenetik, autonomia eman nahi diet, alboan egonez laguntzeko eta zalantzak dituztenean partekatzeko. Errespetua, enpatia eta iritzi pertsonala edukitzea lehenesten ditut, eta badituzte. Bestalde, maitasun asko eskatzen diet: beti musu eske nabil [barrez].

 

"Amarekin zorretan egongo naiz bizi osoan, asko lagundu dit seme-alaben zaintzan"

 

Nola moldatzen zara familia eta arlo profesionala aurrera eramateko?

Nire amari esker, bestela ezinezkoa da. Grabazioak egun osokoak izaten dira sarritan, eta amak laguntzen dit seme-alaben zaintzarekin. Amarekin zorretan egongo naiz bizi osoan. Seme-alabek beren amamarekin urteetan landu duten harreman horri esker, egundoko konplizitatea dute elkarrekin.

Zer eman dizu antzerkiak eta zer kendu?

Denbora asko kendu dit, entseguetan denbora asko eman behar delako gauzak ondo irteteko. Eman, berriz, harremanak eta oholtza gainean pasatutako momentu bereziak. Une horiengatik egiten dugula antzerkia esango nuke. Oholtza gainean bizitzen diren sentsazioek ez dute parekorik.

Zer behar du antzerki on batek?

Gidoi on bat izatea da oinarria, nire ustez; aktore on batek erdipurdiko gidoi bat asko hobetu arren.

Aktore zuzendari moduan, zein dira aktoreei ematen dizkiezun aholku nagusiak?

Batez ere, euren buruarekin ziurtasuna izateko eta kamera atzekoek esandako aholkuak kontuan hartzeko aholkua ematen diet. Grabaketara gidoia ondo barneratuta eramatea ere funtsezkoa da. Bestalde, aktore batek bere formakuntza hazten jarraitu behar du, hori ez da inoiz bukatzen, eta ikasten jarraitzeko gomendatzen diet.

Go!azeneko aurtengo grabaketak ezohikoak izango ziren. Nola joan dira?

Hamar orduko grabazioak izaten dira Go!azenen, baina hamahiru ordukoak ere egin ditugu aurten. Denbora osoan maskara jantzita ibili gara; bazkaltzeko kentzen genuen. Aktoreek grabatzerakoan bakarrik kentzen zuten, eta bakoitzak bere gutun-azal batean txukun gordetzen zuen gero. COVID-19aren arduradun bat genuen, material dena desinfektatzeko. Egunean bitan tenperatura hartzen ziguten denoi. Kontrola egon da. Halere, ezusteko batzuk ere izan dira tartean, aktoreen inguruko batzuk positibo eman ondoren. Hori dela eta, zenbait sekuentziaren grabaketak atzeratu behar izan genituen, baina, azkenean, negatiboak izan ziren haien emaitzak, eta normaltasunez jarraitu genuen. Sekulako lorpena izan da guretzat aurten grabaketak amaitu izana, ez genuen espero.

Behin grabaketak amaituta, orain antzezlanarekin hasteko asmorik bai?

Ez. COVID-19a dela eta, ez dugu emanaldirik eskainiko antzokietan. Berritasun gisa, aurten zuzeneko kontzertuak emango dituzte; bira bat egingo dute.

Pandemia honek nola utzi du antzerkigintza?

Bizi dugun egoera hau inoiz ez bezalakoa dela iruditzen zait. Izugarrizko galerak eta atzerapausoak ekarri ditu antzerkian edota bestelako kultur ekintzetan. Jakitunek ezartzen dizkigute pandemiari aurre egiteko hartu beharreko neurriak, baina oraindik ez dut ulertzen nola den posible zezenketetan, adibidez, egoten diren jende pilaketak ontzat ematea eta aretoek edukiera hain murriztua izatea.

Zure agenda asko aldatu al du COVID-19ak?

Bai, erabat. Azaroan, Bilbon, film luze batean parte hartzekoa nintzen, baina bertan behera geratu da. Beste pelikula batean ere parte hartu behar nuen Madrilen, baina geldituta dago dena, bertako osasun aholkulariak hartutako azken neurriengatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide