Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala jokatuko du larunbatean Txikia IV.ak

Julene Frantzesena 2020ko urr. 5a, 13:42
Julen Alberdi aizkolaria. (Argazkia: Ibon Errazu)

Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza eta Jon Rekondo izango ditu arerio aizkolari azkoitiarrak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 18:30ean hasita. Larunbateko saioan harri-jasotzaileek ere parte hartuko dute; han izango da Goenatxo III.a.

Aizkolariek eta aizkorazaleek hitzordu garrantzitsua dute larunbatean Azpeitian, Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala izango baita Izarraitz pilotalekuan (18:30). Lau aizkolari ariko dira nor baino nor lehian: Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra, Mikel Larrañaga azpeitiarra, Ugaitz Mugertza mutrikuarra eta Jon Rekondo leitzarra. Aizkolariek bost izakeratako 35 enbor ebaki beharko dituzte, eta lanok gauzatzeko denbora gutxien behar duen kirolariak jantziko du txapela.

Egur Sportek antolatu du txapelketa; Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak ez du lehiarekin zer ikusirik. Izan ere, aizkoraren munduan urak nahasita daude aspalditxon. Duela bi aste iragarri zuten lehen eta bigarren mailako aizkolariek ez dutela parte hartuko federazioak antolatu ohi duen Euskal Herriko Txapelketan. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak tarteko hartu dute erabakia, eta beren txapelketa antolatuko dutela iragarri dute. Federazioak "deitoratu" egin zuen aizkolarien jarrera, joan zen astean kaleratutako ohar baten bidez.

Larunbateko saioan harri-jasotzaileek ere parte hartuko dute. Binakako txapelketako lehen jardunaldia jokatuko dute Jon Unanue Goenatxo III.ak eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak. Horiek 175 kiloko laukizunena, 138 kiloko kubikoa, ehun kiloko zilindro zaharra eta bola erabiliko dituzte lanak egiteko. Gainera, emakumeen harri-jasotze erakustaldia ere eskainiko dute Karmele Gisasola Zelai III.ak, Virginia Finolek eta Udane Ostolazak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide