Abian da Organo Erromantikoaren XXI. Zikloa

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 4a, 11:32

Ana Belen Garcia organo-jotzaileak eta Easoko emakumeen eta kapera gregorianistako koruen ahotsek hartu zuten parrokia atzo iluntzean. Datorren zapatuan izango da bigarren kontzertua.

Lau kontzertuk osatuko dute Azkoitiko eskaintza Organo Erromantikoaren XXI. Zikloaren barruan, eta atzo izan zen horietako lehendabizikoa Amabirjinaren Jasokundearen parrokian.

Ana Belen garcia organo-jotzaile andoaindarrak, Easoko emakumeen abesbatzak eta Easoko kapera gregorianistak eskaini zuten aurten zikloaren estreinaldiko kontzertua. XIX. eta XX. mendeetako egileen piezekin osatutako errepertoria jo zuen Garciak parrokiko Cavaille-Coll organoarekin; Widorren pieza banarekin hasi eta itxi zuen kontzertua, bakarka, organistak, eta Easokoen ahotsek lagunduta eman zituen Langlais, Hakim, Poulenc, Faure eta Alain musikarien sorkuntzak.

Datorren larunbatean, urriak 10, izango dute musika zaleek organo zikloaren barruan bigarren hitzordua parrokian, Oscar Candendo organo-jotzailearen eta Ana Otxoa sopranoaren kontzertuarekin. Atzokoa eta ondorengoak bezala, 20:00etan hasiko da emanaldia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide