Errege Koparen sailkapen faseko lehen neurketa irabazi du Anaitasunak

Olaia Juaristi 2020ko urr. 3a, 18:04

Xabier Artetxeren mutilek 2-1 irabazi dute etxean Urgatziren aurka. Errege Koparen sailkapen faseko hirugarren neurketa Aurrera Ondarroaren aurka jokatu dute datorren asteburuan.  

Anaitasuna futbol taldeak, Espainiako Errege Koparen sailkapen faseko lehen neurketa jokatu du gaur, Txerloia futbol zelaian. Osasun larrialdi egoeragatik zelaiak %60ko edukiera hartu du, eta zaleek harmailetatik ikusi dute partida osoa. Azkoitiarrak Urgatzi talde arabarraren aurka aritu dira, eta 2-1 irabazi dute gorrixek, bigarren zatian Xabik eta Letak sartutako golei esker. 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ohorezko Mailetatik Espainiako Hirugarren Mailara igo diren hiru euskal talde ari dira parte hartzen, Espainiako Errege Koparako sailkapen fasean. Gaur Txerloian jokatu dute faseko lehen partida; gero, Urgatzik eta Aurrera Ondarroa talde bizkaitarrak Gasteizen jokatuko dute bigarren neurketa, eta hirugarren eta azken partida, Ondarroan (Bizkaia) izango da datorren asteburuan Aurrera Ondarroa eta Anaitasunaren artean. Hori horrela, badaezpada, partida amaieran penaltiak jaurti dituzte sailkapen faseko berdinketak hausteko, eta 3-5 nagusitu da talde arabarra.

Errege Koparako sailkapen fasea euskal talde horietako batek bakarrik gaindituko du, eta sailkatzen den taldeak Espainiako federazio baten menpean dagoen talde baten aurka jokatu beharko du. Neurketa hori irabazten duen taldeak Europako txapelketetan parte hartzen ari ez den Espainiako Lehen Mailako talde bat jasoko du bere etxean. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide