Udala eta herriko hainbat elkarte arigune izango dira Euskaraldian

Olaia Juaristi 2020ko urr. 3a, 10:11

Euskaraldian arigune izan nahi duten erakundeek urriaren 5a baino lehen eman beharko dute izena, udaleko Euskara sailarekin harremanetan jarrita.

Euskaraldian Ahobiziak eta Belarriprestak izango dira nagusi aurtengo edizioan ere, baina berrikuntzen artean, erakundeei zuzendutako ariguneak daude. Ariguneak, banaka euskaraz egiteaz gain, taldean ere euskaraz aritzeko guneak dira. Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar), ariguneren bat badute. Azkoitiko Udalak, esaterako, izena eman du arigunean parte hartzeko, herriko beste hainbat elkartek bezala.

Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, entitate barruan edo entitateak herritarrekin dituen harremanetan. Talde horietako kideek Ahobizi eta Belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen hamabost egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan. 

Arigune bezala izena emateko epea irailaren 27an amaitu zen arren, urriaren 5era arte luzatu dute izena emateko epea. Horretarako, herriko erakundeek Udaleko Euskara sailarekin jarri beharko da harremanetan, mezua bidaliz ondorengo helbidera: euskara@azkoitia.eus.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide