Bingoarekin ekin diote antolatutako ekintzei Plaza Ondo jubilatuen elkarteko kideek

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 2a, 13:45

Maskarak jantzita eta osasun neurriak beteta, Elkargunean egin zuten ikasturteko aurreneko bingoa.

Hilabeteak ekintzarik antolatu gabe egon ostean, atzo, osteguna, bingoaz gozatzeko aukera izan zuten Plaza Ondo jubilatuen elkarteko kideek. Elkargunean egin zuten atzoko bingo saioa, 17:30ean hasita, eta 40 lagun inguru elkartu zen bertan. Musukoak jantzita eta osasun neurriak beteta egin zuten ikasturteko aurreneko bingo saioa. 

Elkarteko egoitzak eta tabernak itxita jarraitzen dute osasun egoeragatik, eta oraingoz Plaza Ondoko kideek ezin dute han elkartu. Halere, urritik aurrera hainbat ekintza hasiko ditu elkarteak, eta ekintza horietarako soilik irekiko ditu ateak oraingoz Kultur Etxeko egoitzak.

Astelehenetan eta asteazkenetan kakorratz-lana egingo dute 17:00etatik 19:00etara bitartean. Astearteetan eta asteazkenetan, berriz, margolaritza lanak egingo dituzte bi taldetan banatuta. Lehen taldea, asteartean bilduko da 18:00etatik 20:00etara, eta bigarrena, asteazkenetan ordu berean. Azkenik, astearteetan eta ostegunetan gurutze-puntua egiteko aukera egongo da, 15:00etatik 17:00etara.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide