Hezkidetza Foroa abian da ikasturte berriarekin batera

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 2a, 11:44
Hezkidetza Foroak aste honetan egin du ikasturteko lehendabiziko bilera. (Azkoitiko Udala)

Herriko bost ikastetxeek, kale hezitzaileek eta Azkoitiko Udaleko Gazteria Zerbitzuak eta Berdintasun arloak parte hartzen dute foro horretan. Neska-mutilen arteko berdintasuna lantzen dute, era guztietako bazterkeria eta indarkeria desagerrarazteko helburuarekin.

Ikasturtea hastearekin batera, berriz abian jarri dute Azkoitiko Hezkidetza Foroa. Foro horretan herriko bost ikastetxeek hartzen dute parte, alegia, Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Ikastetxeak, Azkoitia BHI-k, Bizilore Eskola Aktiboak eta Izarraitz Lanbide Heziketak, eta eskolekin batera, baita kale hezitzaileek eta udaleko Gazteria Zerbitzuak eta Berdintasun arloak ere. Foroaren helburua da hezkidetza programaren jarraipena egitea elkarrekin koordinatuz eta iritziak eta informazioa partekatuz.

Hezkidetza programaren baitan neska-mutilen arteko berdintasuna lantzen dute, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak ezagutuz, era guztietako bazterkeria eta indarkeria desagerrarazteko xedearekin.

Taldea hilean behin elkartzen da eta aste honetan egin dute ikasturteko lehendabiziko bilera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide