Zapatuan hasiko da Organo Erromantikoaren XXI. Zikloa, Azkoitian

Olaia Juaristi 2020ko urr. 1a, 10:45
Edurne Korta, Pili Arrieta eta Sonia Vazquez, Bergarako, Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako ordezkariak, eta Itziar Urbieta eta Esteban Elizondo organistak.

XXI. zikloa irekitzeko, Ana Belen Garcia organistak, Easo emakumeen abesbatzak eta Easo kapera gregorianistak emango dute kontzertua. Azkoitiko lau emanaldiak Amabirjinaren Jasokundearen parrokian izango dira, datozen lau zapatuetan, 20:00etan hasita. 

Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran izango da aurten ere Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXI. Zikloa. Asteburu honetan hasiko dira emanaldiak, eta lau astetan organoaz gozatu ahal izango da hiru herri horietan. Izan ere, askotariko emanaldiak prestatu dituzte lau asteburutarako.

Ekimenaren koordinatzaile den Esteban Elizondok gaur Azkoitian aurkeztu du egitaraua, eta bidelagun izan ditu Itziar Urbieta organista eta hiru udalerrietako ordezkariak. Pandemia dela eta, zailtasunak izan dituzte aurtengo egitaraua osatzeko. "Azken orduan, esaterako, hiru kontzertu aldatu behar izan ditugu", azaldu du Elizondok. Horregatik, aurtengo egitarauan, Euskal Herriko musikariak izango dira ia denak, herrialdez aldatzeko dauden oztopoei aurre eginez.

Azkoitiko lau emanaldiak Amabirjinaren Jasokundearen Parrokian izango dira, zapatuetan, 20:00etan hasita. Lehena zapatu honetan izango da, urriak 3, eta Ana Belen Garcia organistak, Easo emakumeen abesbatzak eta Easo kapera gregorianistak eskainiko dute. Bigarrena, urriaren 10ean eskainiko dute Oscar Candendo organo-jotzaileak eta Ana Otxoa sopranoak. Hirugarrena, urriaren 17an izango da, eta Przemyzlaw Kapitulua organo-jotzailea izango da saioaren protagonista. Laugarren eta azken kontzertua, urriaren 24an emango dute Azpeitiko eta Bergarako organo ikasleek.

Azpeitiko kontzertuak Loiolako Santutegian izango dira igandeetan, 20:00etatik aurrera. Bergarakoak, berriz, San Pedro Parrokian izango dira zapatuetan, 20:00etan.

Organo Erromantikoaren XXI. Zikloaren egitaraua

Azkoitia

Urriak 3, zapatua. 20:00etan, Ana Belen Garcia organista, Easo emakumeen abesbatza eta Easo kapera gregorianista.

Urriak 10, zapatua. 20:00etan, Oscar Candendo organo-jotzailea eta Ana Otxoa sopranoa.

Urriak 17, zapatua. 20:00etan, Przemyzlaw Kapitulua organo-jotzailea.

Urriak 24, zapatua. 20:00etan, Azpeitiko eta Bergarako organo ikasleak.

 

Azpeitia

Urriak 4, igandea. 20:00etan, Esteban Elizondo organista.

Urriak 11, igandea. 20:00etan, Ignacio Arakistain organista eta Jon Aramendi tronpeta eta Mariatxen Urkia sopranoa.

Urriak 18, igandea. 20:00etan, Itziar Urbieta organista eta Loreto Fernandez Imaz organista. Lau eskutara eta banaka joko dute.

 

Bergara

Urriak 3, zapatua. 20:00etan, Aitor Olea organista, Bergarako musika eskolako haurren abesbatza.

Urriak 10, zapatua. 20:00etan, Mikel Ansola organista eta Akelarre abesbatza.

Urriak 17, zapatua. 20:00etan, Oscar Candendo organista eta Ana Otxoa sopranoa.

Ikusi eskuorri osoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide