Anaitasunak Urgatzi taldea hartuko du Txerloian Errege Koparako sailkapen faseko lehen neurketan

Andoni Elduaien 2020ko urr. 1a, 08:31
Jokalariak gola ospatzen. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Larunbatean 17:00etan jokatuko dute neurketa Xabier Artetxeren mutilek, Txerloian. Futbol taldeak bazkideei eta jarraitzaileei zuzendutako hainbat azalpen eman ditu larunbatera begira.

Anaitasuna futbol taldeak, Espainiako Errege Koparen sailkapen faseko lehen neurketa jokatu du etzi, urriak 3, Txerloia futbol zelaian. 17:00etan hasiko da neurketa, eta Xabier Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen gizonezkoen lehen taldeak Urgatzi talde arabarrarekin neurtuko ditu indarrak. 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ohorezko Mailetatik Espainiako Hirugarren Mailara igo diren hiru euskal taldek parte hartuko dute, besteak beste, Espainiako Errege Koparako sailkapen fasean. Anaitasunak Urgatzi talde arabarraren aurka jokatuko du zapatuan lehen partida; gero, Urgatzik eta Aurrera Ondarroa talde bizkaitarrak Gasteizen jokatuko dute bigarren neurketa; hirugarren partida, berriz, Ondarroan (Bizkaia) izango da Aurrera Ondarroa eta Anaitasunaren artean. 

Errege Koparako sailkapen fasea euskal talde horietako batek bakarrik gaindituko du, eta gero Espainiako federazio baten menpean dagoen talde bat izango du aurkari. Kopara sartu aurreko azken kanporaketa partida bakarrera jokatuko dute, eta neurketa hori irabazten duen taldeak Europako txapelketetan parte hartzen ari ez den Espainiako Lehen Mailako talde bat jasoko du bere etxean. Anaitasunako mutilak Espainiako Lehen Mailako futbol talde baten aurka Txerloian jokatzetik hiru partidara daude, beraz. Larunbatean lehen urratsa eman nahi dute.

Bazkideak

Anaitasunak martxan du beste urte batez bazkide kanpaina, eta azken urteetan bezala, txartelak bi taldetan banatuko ditu futbol taldeak. Batetik, Anaitasunan jokatzen duten jokalarien guraso bazkideak hartuko ditu kontuan. Klubak azaldu du, urtero egin bezala guraso bazkideek beren seme-alaben eskutik jasoko dutela denboraldi berrirako bazkide txartela; etzi, ordea, pasa den denboraldiko txartela erakustea nahikoa izango dela jakinarazi du Anaitasunak.

Bestetik, bazkide arruntak bereiziko ditu klubak. Bazkide horiek beren bazkide txartela jasotzeko, Anaitasunak mahai bat jarriko du herriko plazan etzi, larunbata, 11:30etik 13:00etara bitartean. Klubak dei egin die bazkide guztiei goizean plazatik pasatu eta bazkide txartela jasotzeko. Halaber, bazkide egiteko aukera ere eskainiko du futbol taldeak larunbat goizean, plazan. Beste aukera larunbatean 16:00etatik aurrera bazkide txartela Txerloiako leihatilan jasotzea izango da. Anaitasunak azaldu du horretarako "ohi baino lehenago" irekiko dituztela zelaiko ateak. Era berean, zuzendaritzak zaleei zelaira goiz joateko eskatu die, "jende pilaketak ekiditeko".

Sarrerak

Errege Kopako partidara begira, Anaitasunako bazkideek ez dute sarrera oraindu beharko, baina gainerakoek erosi egin beharko dute. Beste hainbat neurriren artean, osasun larrialdi egoeragatik Txerloia futbol zelaiak %60ko edukiera hartu ahal izango du gehienez. Horrez gain, ezingo da neurketa zutik ikusi, eta ondorioz, zaleek harmailetan eta klubak markatutako lekuetan eseri beharko dute, beti ere maskara jantzita. Sarreran eskuak garbitu beharko dituzte jarraitzaileek, eta klubak "distantziak" mantetzeko eskatu du.

Urgatzi taldearen aurkakoa 17:00etan hasiko da, eta Anaitasunak azaldu du "lehentasuna bazkideek" izango dutela leihatilan 16:50era bitartean. Ordu hori iritsitakoan harmailak gehienezko edukierara ez badira iritsi, kluba sarrerak saltzen hasiko da. Bestalde, eta edukiera neurriak kontrolpean eramateko, haurrek ere sarrera oraindu egin beharko dute. Halere, partida hasitakoan zelira sartzeko ilararik ez baldin badago eta harmailak bete gabe baldin badaude, haurrek Txerloira doan sartzeko aukera izango dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide