Azkoitian jokatuko dute Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala urriaren 16an

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 29a, 19:45

Guztira, hamasei bertsolari ari dira parte hartzen aurtengo eskolartekoan, eta horien artean da Naia Arrizabalaga azkoitiarra. Azkoitiko bertsolari gazteak Oñatiko kanporaketan abestu zuen, baina oraindik baditu finalera sailkatzeko aukerak. Dagoeneko eskura daitezke urriaren 16ko finalerako gonbidapenak.

Joan zen otsailaren 28an ekin zioten Gipuzkoako hainbat txokotako bertsolari gazteek 2020ko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketari Oñatin. Aurreneko bi kanporaketak jokatuta, bertan behera utzi behar izan zuten sariketa, COVID-19ak eragindako osasun larrialdia tarteko. Horrenbestez, bertan behera utzi zituzten Ereñotzuko kanporaketa eta Lasturren egitekoak ziren finala. Orain, urria iristearekin batera, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa berrartzea erabaki dute antolatzaileek, eta datozen asteetan jokatuko dituzte falta den kanporaketa nahiz sariketaren finala, ezohiko formatuan. Orain arteko bi kanporaketak bertso afari formatuan egin dituzten arren, datozen bi saioetan aretoetara eramango dute eskolarteko txapelketa. Finala urriaren 16an jokatuko dute, Azkoitiko Kultur Etxean. 

Guztira, hamasei bertsolari ari dira parte hartzen aurtengo eskolartekoa txapelketan, eta horien artean da Naia Arrizabalaga azkoitiarra. Arrizabalagak Oñatiko kanporaketan parte hartu zuen, eta oraindik baditu finalera sailkatzeko aukerak. 

Sariketako hirugarren eta azken kanporaketa ostiralean, urriaren 2an, jokatuko dute, 19:00etan hasita, Amasa-Villabonako Subijana Etxean. Bertan arituko dira kantuan Amets Aizpurua, Aner Peritz, Jon Mendiluze, Nerea Isusi, Olatz Zuazubiskar eta Uxue Ostolaza.

Hiru kanporaketetako irabazleak nahiz puntuazio altuena duten beste hiru bertsolari sailkatuko dira urriaren 16an Azkoitian jokatuko den finalera. Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko dute 2020ko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finala, 19:00etan hasita. Aurreko kanporaketetan Maider Garmendia eta Ane Zubia izan ziren nagusi, eta horiek zuzenean sailkatu ziren finalera. 

Saioak doan izango dira, baina antolatzaileek aforoa kontrolatu ahal izateko interesa dutenek gonbidapenak eskatu beharko dituzte aurrez. Ostiraleko kanporaketarako gonbidapenak dagoeneko agortuta daude. Urriaren 16ko finalerako gonbidapenak, aldiz, eskuragarri daude hemen.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, osasun neurriak tarteko aretoetan “aforo oso mugatua” egongo da, eta gonbidapenak aforo horretara heldu arte banatuko dituztela azpimarratu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide