Osasun Sailak bi kasu positibo zenbatu ditu Azkoitian

Julene Frantzesena 2020ko ira. 29a, 13:03

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 7.373 PCR probetan, eskualdeko zazpi lagunek eman dute positibo. Kasu horietako lau Zarautzen atzeman dituzte, bi Azkoitian eta bat Zestoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere nabarmen egin du behera positiboen kopuruak. Atzo 285 positibo atzeman zituen Osakidetzak hiru lurralde horietan, 7.373 proba gauzatuta.

Osasun Sailak beste bi kasu positibo detektatu ditu Azkoitian, atzo egindako PCR probetan. Asteburuko hamabost kasuei gehitu behar zaizkie azken bi positiboak; hiru egunetan hamazazpi lagunek eman dute positibo. 177 dira lehen kasua agertu zenez geroztik Azkoitian positibo emandako herritarrak.

Urola Kostan zenbatutako positibo kopuruak, bestalde, beheranzko joerarekin segitzen du. Hala baiezta daiteke gaur, asteartearekin, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu dituen datuetan. Izan ere, atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 7.373 PCR probetan, eskualdeko zazpi lagunek eman dute positibo. Dena den, joan zen asteartean ere antzerakoa izan zen datua –hiru lurraldeetan 8.519 proba egin zituzten, eta bederatzi positibo zenbatu zituzten Urola Kostan–, baina asteak aurrera egin ahala, ugaritzen joan zen positiboen kopurua. Ikusteko dago, beraz, zer joera hartuko duen koronabirusaren hedapenak. Atzo atzemandako zazpi kasu positiboetatik lau Zarautzen detektatu zituen Osasun Sailak, eta bi Azkoitian. Zestoan, berriz, pertsona batek eman zuen positibo PCR proban. 

Positibo kopuruaren beheranzko joera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere nabarmen egin du behera positiboen kopuruak, nahiz eta PCR kopurua ere beste egun batzuetakoa baino baxuagoa izan. Atzo 285 positibo atzeman zituen Osakidetzak hiru lurralde horietan, 7.373 proba gauzatuta. Hau da, proba egindako herritarren %3,8k eman zuen positibo atzo –asteburuan, berriz, %4,9k eman zuen–.

Positibo gehien Bizkaian detektatu dituzte beste behin: 138. Gipuzkoan, berriz, 99 zenbatu dituzte, eta Araban 39. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren bederatzi lagunek ere eman dute positibo probetan. Atzo, 28 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, koronabirusa tarteko 265 lagun daude ospitaleratuta; atzo baino zortzi gutxiago. Atzo bezalaxe, horietatik 55 pertsona daude ZIUn. RO indizeak –birsorkuntza tasa– gora egin du azken egunetan; izan ere, ostiralean 0,88 zen; atzo 0,92; eta 0,94 da gaur.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide