Hamabost kasu positibo hauteman dituzte azken hiru egunetan Azkoitian

Julene Frantzesena 2020ko ira. 28a, 13:43

Urola Kostan Azkoitia da joan zen ostiralaz geroztik kasu gehien zenbatu dituzten herria. Aurreko asteburuarekin alderatuta, ordea, kasuen jaitsiera nabarmena izan da eskualdean.

Asteburu honetan aurrekoan baino emaitza hobeak utzi dituzte Urola Kostan egindako PCR probek. Izan ere, PCR probetan 48 lagunek eman dute positibo ostiraletik igandera bitartean, eta aurreko asteburuan 90 positibo zenbatu zituzten. Azken hiru egunetan positibo gehien atzeman dituzten herria da, ordea, Azkoitia: hamabost kasu detektatu ditu han Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Joan zen asteburuan hamazazpi kasu hauteman zituzten; beraz, Azkoitian ere jaitsi egin da asteburu honetan PCR probetan positibo eman dutenen kopurua.

Eskualdeko herriei erreparatuz, Zarautz da zerrendan hurrengoa, hamabi kasu detektatu baitira kostako herri horretan. Zestoa kezka iturri izan zen joan zen astean, eta egoerak hobera egin badu ere, positibo gehiago zenbatu dituzte azken egunetan. Ostirala eta atzo artean, guztira, sei kasu zenbatu ditu Osakidetzak Zestoan. Azpeitian ere ez du etenik positiboen atzemateak, baina azken asteetan asko apaldu da kopurua. Ostirala eta atzo artean sei kasu detektatu dituzte Azpeitian. Orion eta Zumaian, berriz, lau positibo zenbatu dituzte, eta Getarian bat.

Kasuek behera

Ostirala eta atzo artean, Osakidetzak 24.986 PCR proba gauzatu zituten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 1.231 positibo atzeman ditu. Hau da, proba egin duten herritarren %4,9k eman du positibo asteburuan. Lurraldekako datuei erreparatuz gero, Bizkaian zenbatu dituzte positiboen erdiak baino gehiago –630–, Gipuzkoan 310 eta 258 Araban. Aldiz, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 33 lagunek ere eman dute positibo. Ostiraletik igandera zertxobait igo da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako RO indizea –birsorkuntza tasa–; izan ere, ostiralean 0,88 zen, eta atzo 0,92.

Gaur-gaurkoz, 273 lagun daude ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 55 lagun daude ZIUn. Asteburuan, orotara, 71 lagun erietxeratu zituzten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide