Pako Sudupe: "Identitatea sendotzeko iraganaz jabetzea oso garrantzitsua da"

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 2a, 11:25

Bi liburu plazaratu berri ditu Pako Sudupe (Azkoitia, 1959) idazleak: Emilio Lopez Adan: euskal iraultza libertarioen pentsalari izenekoa bata, eta Kezkak eta desioak izenekoa bestea. Euskarri fisikoan atera du aurrenekoa, eta digitalean bigarrena. Labetik atera berri dituen bi liburuaz solastu da Sudupe. 

Euskal Herriko historiari, kulturari eta gatazka politikoari hertsiki lotutako pertsonen obren, lanen edo bizitzen inguruko liburuak argitaratu dituzu urteetan zehar: Nemesio Etxaniz, Eusebio Osa, Txillardegi eta Telesforo Monzon, besteak beste. Oraingoan Emilio Lopez Adan. Zer dela eta?

Bizi garen gizarte kontsumista eta gaur egun pandemikoan, besteak beste, garrantzizkoena da orain zer eros dezakegun pentsaketan aritzea, orain zer alda dezakegun etxean gogoetatzea, eta horretarako dirurik badugun kalkulatzea. Iragana, onenean, kontu-kontari gaudenean. Euskal Herria herri normalizatua balitz, gaitzerdi!, baina, gure oraina oso mestizoa denez, funtsean, eusko-espainola edo eusko-frantsesa —mestizajea borondatezkoa denean ona izan daiteke, baina derrigortua denean, ez—, axolazkoa da atzera begiratzea, nondik gatozen jakiteko eta zergatik gauden egoera honetan ulertzen hasteko; hain zuzen, aurrera, etorkizunera, kontzientzia gehiagorekin begiratzeko, euskal kontzientzia gehiagorekin. Ideia nagusi horrekin egindako lanak dira horiek.

Euskal Herriko memoria kolektiboari ekarpena egiteaz gain, zein da liburuaren xedea?

Emilio Lopez Adanen posizioaren berri ematea. Frankismo betean iritsi zen heldutasunera, eta ardatz nazional eta sozialean, borroka nazional eta sozialean, posizio jakin baten erreferentea da. Bere ideala udalerri libertarioen konfederazioa da. Euskal Herri euskaldunaren aldekoa da, baina ez euskal estatuarena edo beste ezein estaturena ere. Estatua Lopez Adanentzat bitarteko bat da gutxiengo batek gehiengo bat menpean edukitzeko. Euskal iraultza libertarioaren pentsalaria da. Posizio jakin errespetagarri baten adierazle eta eusle. Dena den, nik liburua berataz egin izanak ez du esan nahi ideologikoki soka berekoa naizenik.

Hiru zati ditu liburuak. Zer aurkituko du irakurleak horietako bakoitzean?

Lehen zatiak Biolentzia politikoaren memoriak du izena. 1963-1964 urteetan konprometitu zen Lopez Adan, frankismo zapaltzailearen aurka inperatibo etikoa sentitu zuelako. Francoren erregimenak beldurra eragiten zuen. Zaila eta gogorra zen haren aurkako borrokan engaiatzea, baina lotu zen borroka hartan. 1967ko martxoan, ETAren V. Biltzarraren bigarren zatian, Getarian, Biltzar Ttipiko kide izendatu zuten. Valladoliden egiten ari zen mediku ikasketak utzi zituen, eta erakundearen aldeko proselitismoari ekin zion dedikazio osoz. Urtebete Hegoaldean eta urte erdia Iparraldean. 1968ko udazkenean –Pardines, Etxebarrieta eta Meliton Manzanasen hilketen ondoko errepresio giroan mehatxatuta sentiturik– Bruselara egin zuen, eta han 1976ko urte hasierara arte egon zen. Franco hil berritan –gogora 1976ko martxoaren 3a, orduko borrokak Gasteizen, eta poliziak eraildako bost lagun–, Laia ez-en inguruan mugitu zen, autonomoen erreferente intelektual moduan bereziki. Horiek guztiak xehetzen dira liburuaren lehen zatian. 

Bigarren partea Iraultzaren eta bortxaren arteko harremana da. Lopez Adanek ETAren faseak ongi bereizi izan ditu. Fase bakoitzean ea herriaren, herri zati aski adierazgarri baten atxikimendua edo neurri bateko onarpena izan duen analizatu izan du, eta horren arabera baloratu erakunde armatuaren jarduna. Analista frantses eta amerikarrekin-eta kontrastatu izan du bere analisia. Atalik polemikoena gerta liteke. Ausardia eta erantzukizuna ez ditu eskas Lopez Adanek, eta ez dago dudarik asko markatu gaituen gai bati buruzko analisi esanguratsuak egin dituela, irakurtzea eta gogoetatzea merezi dutenak.

Hirugarren atala Iraultza sozialerako ideiak eta erreferenteak da. Bertan, hainbat  atal daude, eta norberaren interesen arabera, batzuk besteak baino interesgarriago eta gogoangarriago. Nazioa eta estatua izenekoan, esaterako, duela 40 urte idazten zuen euskal burgesiak ez zeukala euskal estatua sortzeko grinarik, autonomi estatutu batekin aski zuela. Arrazoi zuen. Orain oso garbi dakusagu: orain dela 40 urte bai? Askok pentsatzen genuen denbora kontua baino ez zela, eta gero eta autonomi gehiago izango genuela independentziaraino iristeko. Gaur egun? Eta, oro har, multinazionalen boterearen aroan, estatu demokratikoak sistema errepresibo bat zirela zioen, gehiengo herrikoia gutxiengo baten esku atxikitzeko, eta guztiak neoliberalismoaren menpean. Hori Mendebaldean, eta Ekialdean ere burokrazia zen nagusi. Euskal langileek eta herri klaseek komunismo ekologiko libertario baten alde borrokatu behar ziren, ez ezein estaturen alde, ez eta euskal estatuaren alde ere. Lehen esan bezala, askotarikoak eta interesdunak.

Atarikoan diozu Lopez Adanen obraren zati bat soilik landu duzula liburuan. Izan ere, luzea eta mardula da Beltzaren lana. Zaila izan al da eduki aukeraketa hori egitea? Zein irizpideren arabera egin zenuen aukeraketa? 

Liburu akademikoa baino gehiago dibulgatiboa egin nahi izan dut. Horrek ez du esan nahi sakontasunik ez duenik edo liburu arin bat denik. Liburu honen irakurketak denbora eta ahalegina eskatzen dizkio irakurleari, baina uste dut bere ordaintxoa ere emango diola leitzen duenari. Hasieran, testu luzeagoa egin nuen. Lopez Adanen beste bi liburu, El nacionalismo vasco y clases sociales eta Euskadi 1984  aztertu eta iruzkindu nituen, baina iruditu zitzaidan dibulgaziorako ez zirela ezinbestekoak, eta azken bertsioan kanpo gelditu dira. Ondo egongo litzateke historialariek, esaterako, Lopez Adanen liburu historikoen kritika eraikitzailea egitea. Adibidez, honako liburu hauena: El Nacionalismo Vasco (1876-1936), El Nacionalismo Vasco en el exilio (1936-1960); eta Del Carlismo al Nacionalismo burgues

Zer nabarmenduko zenuke Lopez Adanen obratik? Teoria eta praxia eskutik doaz haren lanean…

Bai, asko konprometitu da azken ia hirurogei urtean, eta oraindik ere jarraitzen du. Ez du lan samurra egin, eta alde horretatik miresgarria da. Teorian gehiago enplegatu da, baina praktikarekin oso lotuta ibili da gehien-gehienetan. Espero dut jarraituko duela lanean.

Protagonista ­–Lopez Adan– bidaide izan al duzu proiektu honetan?

Bai, eta niretzat hori esperientzia berria izan da, orain arte beti hildakoei buruzko ikerketak egin izan baititut. Protagonista ondoan izatea laguntza handia da hanka gehiegi ez sartzeko. Erantzukizun gehiago ere sentitzen da, nik hala sentitu dut behintzat. Aitortu beharra daukat eskuak libre utzi dizkidala, eta hutsak, egiatan, nireak direla. Bestalde, bera ere nahiko gustura gelditu da liburuarekin, adeitsuki esan didanez. Horrek asko lasaitu nau.

Zergatik da garrantzitsua iraganari erreparatzea?

Espainol batek, frantses batek edota ingeles edo aleman batek ez daukate arazorik zer diren jabetzeko; guk bai. Hendaiara joatea nahikoa da: zu espainiarra? Ni euskalduna. Bai, baina euskaldun espainiarra? euskaldun frantsesa? Identitatea sendotzeko iraganaz jabetzea oso garrantzitsua da. Ez naiz alferrik luzatuko: gure kasuan, asimilazio kultural-linguistikoari ate guztiak irekitzea da iraganaz deus ez jakitea eta deus ez interesatzea. Eta arrisku handia ikusten dut hori gertatzeko.

Liburuaren hirugarren zatian etorkizunari lotutako beste hainbat jakingarri edo gai jorratu dituzu. Zergatik?

Hirugarren zatia saski-naski bat da, aztergai ezberdinez osatua. Ez nekien hain atal ezberdinei zein txapel amankomun jarri, eta Iraultza sozialerako ideiak eta erreferenteak izenez bataiatu dut. Iraultza sozialerako abagunea oso gutxitan gertatzen da historian, hemen eta nonahi –1975-1978 urte bitartean bizi izan genuen, baina galdu zen, galarazi zuten–, eta egun ere ez du ematen horretarako gaudenik, nahiz eta pandemiak asko irauten badu, ezinegona areagotu daitekeen, eta auskalo! Baina, egia esan, ez dut uste iraultza sozialaren atarian gaudenik. Nolanahi ere, Lopez Adanek erein ditu haziak eta hor gelditzen dira ondo ongarrituriko lurrean itsatsi zain, garai egokien peskizan.

Kezkak eta desioak liburu digitala ere kaleratu berri duzu. Zer jaso duzu bertan?

Batez ere azken urte eta erdian Zuzeu blogean argitaratu ditudan artikulu gehienak, eta eztabaida baten harian neuk idatziz adierazitakoak. Blog horretan egunero artikuluak argitaratzen dira euskaraz, eta sarritan eztabaidak sortzen dira, batzuetan ehun iruzkinetik gorakoak; eta esan bezala, horietako batean adierazitakoak ere sartu ditut liburuan. Orain arte idatzi konplexuagoak egin ditut; ez dakit zenbat idatzi irakurri (liburu, artikulu eta gainerako), eta bildutako informazioa ataletan kokatu eta idazketa burutan atera. Aipatutako blogerako, aldiz, artikuluek labur samarrak izan behar dute, eta txinpartadunak, hoberako zein txarrerako. Hoberako, jende gehiagorengana irits daitezkeelako, eta txarrerako, errazagoa delako iritziak ematean ausartegi jokatzea, ausarkeriazko hanka-sartzean jaustea. Ematen du bi orrialde idaztea erraza dela. Ez, ez da erraza, seriotasun gutxieneko bat bilatzen baduzu, behintzat.

Hori bai, lehenago esan bezala, arinagoak dira, konplexutasun gutxiagokoak, eta espero dut atseginagoak izatea irakurtzeko, batzuek desatseginak gertatzea badago ere, blogean bertan gertatu diren bezala, bereziki erlijioari eta feminismoari dagozkionak, nahiz eta gutxi diren. Horregatik sortzen dira eztabaidak hain maiz: zenbat buru hainbat aburu!

Euskarari eta politikari lotutako artikuluak aukeratu dituzu, nagusiki. Zergatik?

Galdera honek aukera ematen dit esateko hizkuntza bat fenomeno sozial bat denez, komunikatzeko tresna bat baino askoz gehiago dela, eta alderdi politikoen politika jokoetatik distantzia batera egotea komeni bada ere, aldi berean oso politikoa dela.

Espainia askotarikoa kohesionatzeko tresna garrantzizkoena seguru aski espainiera da. Eta Frantzia kohesionatzeko, zer esanik ez, frantsesa. Euskara zergatik ez da gaur egun Euskal Herri gehienean kohesio sozialerako tresna? Oinarri-oinarrizkotik hasita, gaur egun Azkoitiko eta Azpeitiko etxepe batzuetan bilerak euskaraz egitea egongo da, eta egingo dira. Agian, uste baino etxepe gutxiagotan. Hernanin, bizi naizen etxepean, euskaraz ezin dira bilerak egin modu natural samarrean behintzat, eta ez dira egiten. Elkar ulertzeko tresna etxepean gaztelania da. Gaztelania da kohesio sozialerako tresna. Hori Hernaniko auzo baten, eta beste hainbat auzo eta herritan, eta zer esanik ez hirietan. Arazo guztiz politikoa da. Ez alderdi-politikarena baizik eta herri edo nazio politikarena.

 Zer dela eta erabaki zenuen horiek guztiak liburu batean biltzea?

Sare sozialak direla eta, nire kasuan ezjakintasun eta kontraesan ugari ditut. Esan beharrik ez dago, oso erabiliak direla. Eraginkorrak al dira? Baditut zalantzak iragankorregiak, ez ote diren. Seguru adinaren faktoreak ere zerikusi handia duela nire pentsaera edo ikuskera horretan. 2019ko urtearen amaieran, Zuzeuko kazetariek blogean aitortu zuten nolabait urteko errebelazioa izan nintzela artikulu eta eztabaidetan. Orduan etorri zitzaidan ideia: zergatik ez ditut gehienak behintzat liburu batean biltzen? Eta zergatik ez atera liburu digital gisa? Agian, etorkizuna badu liburu digitalak! Baina niri paperezkoa gehiago gustatzen zait, eta gehiago irakurtzen dut paperean. Beraz, kontraesan ugari!

Booktegia plataforman irakur daiteke Kezkak eta desioak izenburuko liburua. Eskuragarri dago sarean. Horrelako euskarriak garrantzizkoak direla uste al duzu?

Ezin da gutxietsi horrelako plataformen garrantzia. Liburu digitalek deskarga dezente izaten dituzte, begiratu bat ematea besterik ez dago Booktegian horretaz jabetzeko. Baina, irakurtzen dira sakon samar ala mokoka ibiltzen da irakurlea? Ez dakit. Nolanahi ere, proba egiteari onura gehiago ikusten diot kaltea baino.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide