Larunbatean Kakuteko eta Samiñoko tontorrak egiteko deia egin du Azkoitiko Sarek

Andoni Elduaien 2020ko ira. 27a, 08:50
Elkarretaratzea, Kontzejupean. (Argazkia: Sare)

Euskal Herriko 650 mendi tontor egiteko deialdia egin du Sare herritarrak, eta Azkoitian Kakute eta Samiño igoko dituzte. Joan den ostiralean egin zuten hilabeteko azken ostiraleko elkarretaratzea.

Herenegun, ostirala, Azkoitiko Sarek deitutako elkarretaratzea egin zuten preso, ihesalari eta deportatuen eskubideen alde, Kontzejupean. 45 bat lagun elkartu ziren kontzentrazioan, eta urriaren 3an Euskal Herrian zehar egingo duten ekimenaren berri eman zuten deitzaileek.

Izan ere, datorren larunbatean –urriak 3–, Sare herritarrak Euskal Herriko 650 tontor egiteko deialdia egin du, preso eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitzaren eta bakearen alde aldarria egiteko. Azkoitian ere egingo dute ekimena, eta herrigunetik Samiñora eta Kakutera igoko dira. 09:30ean jarri dute bi mendiak egiteko hitzordua; Samiñora Martitteko plazatik abiatuko dira, eta Kakutera, herriko plazatik. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide