Plaza Ondo jubilatuen elkarteak urrian hasiko ditu ekintzak

Andoni Elduaien 2020ko ira. 24a, 09:30
Kakorratza da egingo duten ekintzetako bat.

Bingoa, margolaritza eta josteko tailerrak antolatu ditu datorren hilerako jubilatuen elkarteak.

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak urrian hasiko ditu ekintzak. Elkarteko egoitzak eta tabernak itxita jarraitzen dute osasun egoeragatik, eta ezin da han elkartu. Halere, urritik aurrera hainbat ekintza hasiko ditu elkarteak, eta ekintza horietarako soilik irekiko ditu ateak oraingoz Kultur Etxeko egoitzak.

Astelehenetan eta asteazkenetan kakorratz-lana egingo dute 17:00etatik 19:00etara bitartean. Astearteetan eta asteazkenetan, berriz, margolaritza lanak egingo dituzte bi taldetan banatuta. Lehen taldea, asteartean bilduko da 18:00etatik 20:00etara, eta bigarrena, asteazkenetan ordu berean. Azkenik, astearteetan eta ostegunetan gurutze-puntua egiteko aukera egongo da, 15:00etatik 17:00etara.

Bingoa ere martxan

Ez dira hiru horiek izango, ordea, jubilatuen elkarteak antolatuko dituen ekintza bakarrak. Urriaren 1ean, jubilatuen elkartean horren ohikoa den bingoa hasiko dute. Elkargunean egingo dute saioa, 17:30etik aurrera. Elkarteko kideek azaldu dutenez, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da saioan parte hartzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide