Martxan da Maxixatzenen Udako I. Argazki Lehiaketako bozketa

Maxixatzen.eus 2020ko ira. 25a, 09:05

Bukatu da Udako I. Argazki Lehiaketan parte hartu ahal izateko epea, eta gaur ireki da bozkatzekoa; urriaren 1era bitartean bozkatu ahal izango dute Maxixatzeneko erabiltzaileek argazki gustukoena.

Amaitu da Maxixatzenen Udako I. Argazki Lehiaketan parte hartzeko epea. 73 argazki jaso ditu Maxixatzenek eta guztiak ikusgai daude dagoeneko webgunean, Udako I. Argazki Lehiaketa kanalean. Lehiaketa azken fasean sartu da, beraz, argazkiak bozkatzeko unean hain zuzen.

Gaurtik urriaren 1era bitartean eman ahal izango du webguneko erabiltzaile bakoitzak botoa, Udako I. Argazki Lehiaketako orrialdean. Pertsona bakoitzak lehiaketan parte hartu duten hiru argazkiri eman ahalko die botoa, gailu bakoitzetik behin bakarrik. Argazkien aukeraketa egindakoan, izen abizenak, e-posta eta telefono zenbakia zehaztu beharko ditu erabiltzaileak zozketan sartu ahal izateko. Honako lotura honetan eman daiteke botoa. Behin bozketa amaituta, boto gehien jaso dituen argazkigileak Hizki papertegian argazki baten inprimaketa irabaziko du.

Sari gehiago

Erabiltzaileen Saria ez da izango, ordea, Maxixatzenek banatuko duen sari bakarra. Botoa emandako erabiltzaile guztiak, Maxixatzen aldikariaren eta Urola Kostako Hitza egunkariaren urtebeteko harpidetza lortzeko zozketan sartuko dira. 

Eta noski sari nagusia ere egongo da: Epaimahaiaren Saria. Lehiaketan parte hartu duten guztien artean irudi bat aukeratu du Maxixatzeneko epaimahaiak, eta egileak otordua irabaziko du Otarre jatetxean. Epaimahaia argazki munduan adituak diren bi argazkilari azkoitiarrek eta erredakzioko kazetari batek osatu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide