PCR probak Azkoitian egingo dituzte, urriaren 1etik aurrera

Olaia Juaristi 2020ko ira. 22a, 12:54
San Frantzisko ermitaren ate aurrean egingo dituzte PCR probak. (Argazkia: Udala)

Aurrerantzean, Azkoitiko anbulatorioan egingo dituzte PCR probak, 09:00etatik 11:00etara, asteburuetan ezik. Horretarako, ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea.

Orain arte, PCR proba egiteko Azpeitira joan behar izaten zuten azkoitiarrek, baina urriaren 1etik aurrera herrian bertan egongo da horretarako aukera, astelehenetik ostiralera bitartean. Asteburuetan, ordea, Azpeitiko anbulatoriora joan beharko dute herritarrek.

Astegunetan, goizez, 09:00etatik 11:00etara bitartean joan beharko da, eta beti aurrez hitzordua hartuta. PCRak egiteko gunea anbulatorio ondoan egokitu dute, zehazki, San Frantzisko ermitaren ate aurrean. Edonola ere, kutsadura agerraldi baten ondorioz test masiboak egin beharko balira, probak Gurea pilotalekuan egingo lirateke. Udalaren arabera, "dena prest" dago horretarako.

Goierri-Urola Garaiko ESIa Zumarragako Ospitaleak eta lehen mailako zazpi arreta unitatek osatzen dute, eta orain arte, PCR probak Zumarragan, Beasainen eta Azpeitian egin izan dira, "baliabideak optimizatze aldera", udalak azaldu duenez. "Udako oporraldiaren ostean, profesional asko bueltatu da jada lanera, eta, ondorioz, zerbitzua zabaltzeko aukera ahalbidetu da", gaineratu du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide