Txerloiako harmailetan ikusleak, aspaldiko partez

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 19a, 18:56

Denboraldi-aurreko partida jokatu du eguerdian Anaitasunaren gizonen talde nagusiak, eta martxotik lehen aldiz ireki dituzte Azkoitiko futbol zelaiaren ateak. COVID-19 gaitza ez hedatzeko neurriak izan dira protagonista.

Aspaldiko partez, futbol partida bat jokatu da gaur Txerloian; eta aspaldiko partez, joan den udaberritik lehen aldiz, ikuslez jantzi da futbol zelaiko harmaila. Koronabirusaren krisia iristearekin batera eten ziren futbol txapelketa guztiak, eta liga profesionaletakoak salbu, aurten inoiz baino beranduago hasi den denboraldi-aurre berrira arte ez dira itzuli futbol taldeak lanera.

Hori izan da 2020-2021 denboraldian Espainiako Hirugarren Mailara itzuliko den Anaitasunaren gizonen talde nagusiaren kasua. Gaur eguerdian, urriaren 18ko eta 19ko asteburuan hasiko duten liga prestatzeko lagunarteko partida jokatu dute Azkoitikoek, urte eta erdi ondoren etxean jokatu duten aurrena. Pasaia izan da gorrixen aurkaria, 2-2 bukatuko da partida eta Mikel Pastrian eta Muguruza izan dira etxekoen golegileak.

Denboraldi berriko taldea ezagutzeko ikusmina ez da izan, ordea, ikusleak gaur Txerloiara joandakoan bizi izan duten bakarra. Dagoeneko eguneroko bilakatu diren maskarak jantzita ez ezik, sarreran eskuak garbitu eta derrigor eserita egon behar izan dira ikusle guztiak, hastear den denboraldian debekatuta izango baitute partidak zutik ikustea. Partidan zehar egin duen euritik babestuta egon dira, beraz, gaur Txerloira sartu diren 141 ikusleak. Sarrera doan izan arren, sartu diren ikusle guztiak zenbatu dituzte klubeko kideek eta hori izango da koronabirusarekin futbolera iritsi den beste neurrietako bat, edukieraren %60 bete ahal izango dute-eta gehienez.

Partida bukatuta, sare sozialen bidez, Anaitasunak "esker bereziak" eman nahi izan dizkie Txerloian egon diren ikusle guztiei, "erakutsitako jarreragatik eta neurriak behar bezala errespetatzeagatik".

Gaur zortzi itzuliko da Anaitasunaren gizonen talde nagusia Txerloira. Elorrioren kontra jokatuko dute datorren asteburuko neurketa, hori ere denboraldi-aurrekoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide