Ugarteigarango igerilekuan 40.777 sarrera erregistratu dituzte udan

Andoni Elduaien 2020ko ira. 18a, 13:38

Iaz baino 17.000 sarrera gutxiago erregistratu dituzte aurten Ugarteigarango igerilekuan. 

Edukiera %60ra murriztuta egon bada ere, aurtengo ezohiko uda honetan 40.777 sarrera erregistratu dituzte Ugarteigarango igerileku irekietan. Ekainaren 15ean zabaldu zituzten igerilekuko ateak eta irailaren 13an itxi.

Iaz 57.745 sarrera zenbatu ziren, beraz, 17.000 sarrera gutxiago izan ditu aurten igerilekuak. Udalak emandako informazioaren arabera, egunik jendetsuenak ekainaren 30a, uztailaren 20a eta uztailaren 27a izan ziren. Erregistratutako 40.777 sarreretatik 38.868 bazkideek edota bonua zuten erabiltzaileek egindakoak izan dira. Horiei leihatilan saldutako sarrera solteak gehitu behar zaizkie, 1.909 alegia.

Segurtasun protokolo zorrotzarekin eta erreserba bidezko sistemarekin zabaldu zuten igerilekua. Egun gutxira erreserba sistema kentzea erabaki zuen udalak, "igerilekuen edukierak ahalbidetzen zuelako eta erabiltzaileentzat erosoagoa" zelako. Ugarteigarango instalazioek 1.400 laguneko edukiera dute, eta ondorioz, 840 erabiltzailek izan dute aldi berean instalazioetara sartzeko aukera. Elkarguneko webgunean, gainera, denbora errealean kontsulta zitekeen igerilekuetan tokirik libre zegoen edo ez.

Azkoitiko igerilekuak izan ziren ireki zituzten "lehenengoetarikoak", udalaren arabera. "Egoerara egokitzeko aldaketak egitea ezinbestekoa izan zen. Besteak beste, ordutegia aldatu zen eguerditzan igerilekuak itxiz desinfekzio lanak burutzeko. Uretan jende bilketak saihesteko koloretako eskukoak ere banatzea erabaki zen", adierazi du udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide