Herritarren hausnarketak, alarma egoera hasi eta sei hilabetera

Maxixatzen.eus 2020ko ira. 16a, 11:49

Historialari, jubilatuen elkarteko kide, dantzari eta dantza irakasle eta psikologo banak azken sei hilabeteen inguruko hausnarketak egin dituzte. Arazo berberak eraginda, haien egunerokoa ere hankaz gora jarri zen egun batetik bestera, eta bakoitzak bere ondorioak atera ditu gertatzen ari den honetatik.

Martxoaren 15a. Sei hilabete igaro dira Espainiako Gobernuak COVID-19 gaitzak eragindako errealitateari aurre egiteko alerta egoera ezarri zuenetik. Ordutik, asko izan dira arauak, murrizketak, ezinegonak, ohitura aldaketak eta abar. Bizitzeko eta lan egiteko moduak neurri batean edo bestean aldatu egin dira. Azken sei hilabeteetan bizitakoaz, ikasitakoaz edota egindako hausnarketa egin dute ondorengo protagonistek:

 

"Nire hainbat arbasoren larruan jartzeko balio izan dit egoera honek"

"Nire esperientzia pertsonalari so egiten badiot, ikasi baino gehiago, desikasi egin dudala esango nuke. Hilabeteotan gure gizarte honen hauskortasunaz jabetu naiz. Azken hamarkadetan sendotutako mendebaldeko zibilizazio-gizarte hegemonikoa perfektutzat genuen, orain arteko eboluzio eredugarriaren emaitzaren gailurra zen asko eta askorentzat. Bada, egun batetik bestera, kinka larrian antzeman dut jada pandemiaren aurretik hainbat balio krisi zituen gizarte hura.

Beldurraren botereaz ere jabetu naiz. Nahita edo nahi gabe, horrekin ahazten gara, eta ezikusiarena egitera ere bikain trebatzen gaituzte. Zoritxarrez, beldurra beharrezko osagaia da gizarte batek aurrera egin nahi badu; hain zuzen ere, beldurra da aske egin zaitzakeen bakarra.

Sistemak dituen hainbat eta hainbat zirrikitutatik elikatutako beldurraren ahanztura horrek mugarik gabeko mundu aske, anitz, aberats, iraungarri, baketsu eta erosoan bizi garela sinetsarazten digu, guztia geure esku dagoela eta erabakiak guk geuk hartzen ditugula. Gezurra galanta. Gure gizarte honen funtzionamendu 'eredugarria' mehatxatuta dagoen momentutik bertatik, aurreko hitz eder horiek guztiak alfonbra azpian gorde eta benetako sistemaren aurpegia azaltzen da, Smithen esku ikusezina argia eta garbia bihurtzen da.

Europako autogobernu handienaren eta ia-ia estatu propio batez gozatzen dugunon lurra ere ez da salbuespena. Ederki nabarmentzen da nork agintzen duen larrialdi egoeretan, eta 'agintea' duten horien boterea non gelditzen den. Zein hizkuntzatan ekoizten diren erabakiak, zein muga ixten diren eta zein arrakastaz ireki, zein jartzen dituzten gure kaleetan gure segurtasuna bermatzeko zapaltzen… Azken finean, pairatzen dugun zapalkuntza nabarmen biderkatu da. 'Guztia gure onurarako', diote.

Behinik behin, nire hainbat arbasoren larruan jartzeko balio izan dit bizitzen ari garen honek… Krisiak, gerrak, gatazkak eta oinazeak, oro har, gure iraganaren zein etorkizunaren berebiziko zati dira, eta hobe dugu behingoagatik horren jabe izaten hastea hurrengo krisiak prestatuta harrapa gaitzan".

"Benetan tristea da elkartera lanera joan eta ezer ez dagoela ikustea"

"Elkarteak eskaintzen dituen jarduera guztien helburuetako bat erretiratuen sozializazioa da, etxean ez geratzea eta antolatzen ditugun eta bakoitzak aukeratu dituen ekintzetan disfrutatzea.

Konfinamendu honek ekintza guztien etena ekarri digu eta aipatutako helburua ezin betetzea. Gehitu diezaiokegu aurretik tabernarik gabe egoteak zuen gabezia. Hala ere, ahal izan ditugun zerbitzuak eskaintzen jarraitu dugu: ileapaindegia, podologia eta ezin ahaztu aurten 90 urte betetzen dituztenei egin diegun bakarkako omenaldi txikia, udalaren ezinbesteko parte hartzearekin.

Momentu honetan, pasatakoarekin eta helburua ahaztu gabe, ekintza batzuk berrekitea erabaki dugu proba moduan. Ez izan zalantzarik osasun neurri guztiak betez protokoloak eskatutakoa jarraituko ditugula; bakoitzak pentsatuko du horietan parte hartu edo ez. Laster emango dugu ekintzen berri.

Nik, berriz, pertsonalki sentitu dudana tristura izan da denbora tarte honetan, elkartea jenderik gabe ikustean. Lehendabizi, tabernarik ez zegoelako, otsailean utzi zutelako, eta gero, pandemiak bertan inor ez egotea eragin du. Hori horrela, benetan tristea da elkartera lanera joan eta ezer ez dagoela ikustea; ileapaintzailea, podologoa eta beren bezeroak egon dira bakarrik bitarte honetan".

 

"Erakundeei kultur ekintzak antolatzeari ez uzteko eskatuko nieke"

"Bideokonferentzia bidez jardun ahal izateko dauden aplikazio desberdinak erabiltzeaz gain, ez nuen inoiz imajinatuko besteekin harremanak ordenagailu baten bidez egitera hain erraz jarriko nintzenik.

Jendeak bere kultur jarduna balkoietatik adierazi zuen konfinatuta egon ginen hilabete haietan, hainbat bideo jaso genituen guztiok, besteak beste, musika, dantza eta kantua erakutsiz; jendeak badu kultur ekintza egiteko eta azaltzeko behar hori.

Konfinamendu garaian jendeak izugarrizko irudimena duela ikusi zen; potentzial izugarria dago, eta aprobetxatu egin behar da hori. Geunden egoeran egonda ere jendeak ez dio utzi ideiak buruan bueltaka ibiltzeari.

Pasatutakoaren inguruan irakurketa egitea baino pasatzen ari garenaz egingo nuke, honek luze joko duen itxura baitu. Osasun krisia bat-batean etorri zaigu eta korrika eta presaka moldatu behar izan dugu; epe motzeko kontua izango zela uste genuena erabat luzatu da.

Kultur taldeek beren ekintzak bertan behera utzi behar izan dituzte, eta talde bakoitzaren egoera desberdina dela iruditzen zait. Okerren pasatzen ari direnak era profesionalean edo erdiprofesionalean jarduten dutenak dira; hori horrela izanik, erakundeei kultur ekintza desberdinak programatzeari ez uzteko eskatuko nieke. Gainontzeko taldeok egingo dugu aurrera; pentsatuta genituen ekintzak egiteko denbora epea luzatu egingo da, baina egingo ditugu.

Jendeak hartuta zuen kultur ekintzetara joateko ohitura konfinamenduaren aurretik, eta espero dut orain ohitura horri eustea eta kultura kontsumitzen jarraitzea".

"Krisi-egoerak aldaketa eta berrikuntza-garai bihurtu ditzakegu"

"Azken sei hilabete hauek niretzat gogorrak bezain aberasgarriak izaten ari dira arlo pertsonalean zein profesionalean eta ahal dudan neurrian krisi-egoera hau aprobetxatzen ari naiz nolabaiteko zentzua aurkitu eta aukera berriak sortzeko.

Ikasten ari naizena da: ezusteko egoera berriak hobeto onartzen eta honek unean-unekoa bizitzera eta planak epe motzera egitera eraman nau. Beldurra eta beste hainbat emozio deserosoei lekua egiten eta bereziki, ziurgabetasun eta arrisku maila haundiagoarekin bizitzen. Nire esku dagoen horretan arreta jartzen eta soilik horretaz arduratzen; eta kontrolatzen ez dudan hori hain kontutan ez hartzen, distantzia haundiagoa hartu ahal izateko. 

Bestalde, egiten dudan irakurketa da, krisia alde batetik arriskua eta bestetik aukera dela. Krisi-garaiak beti direla gogorrak, baina komeni dela krisia ondo kudeatzen ahalegintzea, aukera bihurtzeko.  Lagungarria izan daitekeela gure indarguneetan arreta jartzea eta argi izatea geure bizitzan zehar iraganean egoera zailak gainditzeko zer baliabide erabili genituen, oraingo egoerara egokitu ahal izateko. Baita ere, krisi-garaiak giza balioak indartzeko une aproposak izan daitezkeela eta dugun hoberena besteei eskeintzeko. 

Laburbilduz, krisi-egoerak aldaketa eta berrikuntza-garai bihurtu ditzakegu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide