Xilografia tailerra eskainiko dute estrainekoz Emakumeen Ahalduntze ikastaroetan

Andoni Elduaien 2020ko ira. 16a, 10:30
Estreinakoz eskainiko dute tailerra. (Argazkiak: udala)

Urrian hiru saio eta azaroan bi egingo dituzte urriaren 7ra bitartean izena ematen duten herritarrek. Bi orduko saioak izango dira, 18:00etatik 20:00etara. Oihana Ugarte xilografistak zuzenduko du tailerra.

Emakumeei zuzendutako Ahalduntze Ikastaroen eskaintzaren baitan, estrainekoz xilografia tailerra emango dute aurten, Oihana Ugarte xilografistaren eskutik. Bost saio eskainiko dituzte tailerrean, baikoitza bi ordukoa. Saioak Elkargunean egingo dituzte urriaren 14an, 21ean eta 28an eta azaroaren 4an eta 11n, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Izen-emate epea zabalik egongo da urriaren 7ra arte, eta parte hartu nahi dutenek udaletxean dagoen Herritarren Arreta Bulegoan eman dezakete izena edota helbide elektronikoz berdintasuna@azkoitia.eus helbidera idatzita.

Bost saioetan xilografiaren historia, teknika eta tresnak ezagutzeaz gain, praktikan jarriko dituzte parte hartzaileak xaflekin lan eginez. Oihana Ugartek sormena lantzeko erabiltzen du aintzinako teknika hau. Horrela azaldu dio Ugartek udalari: "Guztiok sortzaileak gara egunero, sormenak askatasunaren usaina du. Sentitzen dugun hori bideratzeko, xilografia landuko dugu. Ez daukagu marrazten jakin beharrik, bidaia egiteko irrika soilik. Gure eskuek marraztuko dute linoleoan unean sentitzen duguna, eta paperean azalduko da islada, une hortako arnasa. Ezezagunak diren emakume sortzaile guztien omenez. Gu ere hemen gaude: gure ahotsa, nahia, gure eskuetan. Irrifarrez, bidaiatzen", adierazi du xilografistak. 

Oihana Ugartek zuzenduko ditu bost saioak. 

Koronabirusagatik beste hainbat ikastaro bertan behera gelditu ziren, nahiz eta batukada eta etxeko konponketen saioak online ematen jarraitu zuten. Orain, berriro ekin diete aurrez aurreko batukada saioei. Era berean, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa ere martxan da berriro.

Ikusi ikastaroetarako udalak prestatu duen kontigentzia plana.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide