Ahaztu ezinezko ikasgaia

Ane Olaizola 2020ko mar. 6a, 12:36
Esther Lizarralde, Beatriz Aldalur, Amaia Ibarmia, Haizea Alberdi eta Andrea Muñoz.

Feminismoaren aldeko borrokan Azkoitian ibilbidea egin duten eta egiten ari diren bost emakume dira Esther Lizarralde, Beatriz Aldalur, Amaia Ibarmia, Haizea Alberdi eta Andrea Muñoz. Garai eta belaunaldi desberdinetakoak izanik, asko dute esateko denek.

Emakumeen Nazioarteko Egunak indarra hartu du azken urteotan, eta Azkoitian ere inoiz baino moreagoak izan dira Matxoaren 8ko ekintzak. Iaz, adin, lanbide eta ibilbide desberdinetako ehunka emakume elkartu eta planto egin zuten haien eskubideak aldarrikatzeko, eta borroka feministaren barruan, mugarri bilakatu zen egun hura. Gizon eta emakumeen berdintasunaren aldeko aldarriak, ordea, ez du beti onarpen bera izan herrian, eta bidea ez da erraza izan borroka feministan aritu direnentzat; oraindik orain, feminismoaren olatu betean, aparretan egoteko motiborik ez dagoela uste dute, gainera. Azkoitian bidea urratu dutenetako bost dira Esther Lizarralde, Beatriz Aldalur, Amaia Ibarmia, Haizea Alberdi eta Andrea Muñoz. Feminismora bidean tinko eragiteko hartu duten konpromisoa da belaunaldi desberdinetako emakumeak lotu dituen haria, sinesten dutelako feminismoa gizarte osoarentzat izango dela onuragarri. Martxoaren 8aren atarian, feminismoaren eta borrokaren hamaika ertz jorratu dituzte.

80ko hamarkadan, Donostian unibertsitate ikasketak egin zituzten garaian, batu ziren Aldalur (Azkoitia, 1964) eta Lizarralde (Azkoitia, 1965) borroka feministara, eta Donostiako asanblada feministako kideen ondoan hasi ziren mugimendu horretan militatzen. Biek ala biek ondo gogoan dituzte hastapenak: Donostian ikasten zuten bitartean joan ziren aurrenekoz elkarretaratze feminista batera, eta han egin zuten harremana ondorengo hilabeteetan bidelagun izango zituzten beste feministekin. "Abortuaren aldeko protesta zen, eta Donostiako epaitegiaren aurrean katez lotu ginen. Polizia Nazionala etorri zen, eta kuartelera eraman gintuzten. Izugarrizko kaosa sortu genuen komisaldegian, eta modu horretara ezagutu genituen Donostiako mugimendukoak", esan du Aldalurrek. Haren arabera, "kemenez betetakoak" ziren Donostiako asanbladako kideak, eta azkoitiarrek haiekin militatu zuten bitartean, borroka feministan "lehen urratsak egiten eta eztabaidatzen" ikasi zuten. Besteak beste, abortuaz, sexu aukera askeez, emakumea eta antimilitarismoaz eta erasoez eztabaidatzen zuten. Ekintzei zegokienez, "bururatutako guztia" egiten zuten, baita egun "pentsaezinak" diren mobilizazioak ere: "Ekainaren 28 batean [LGTBI+ kolektiboaren harrotasunaren eguna] Donostian autobus bat hartu eta gidaria bere eserlekutik atera genuen. Hiri osoa zeharkatu genuen autobusean, bandera feministekin eta bozgorailuetatik gure aldarrikapenak zabaltzen".

Feminismoaz kontzientzia hartzen eta inguruan eragiten saiatu izan dira hasieratik bost emakumeak, jakin badakitelako, jardunez gero, urak mugitu egiten direla. "Donostiatik Azkoitira etorri ginenean, saiatu ginen herriko beste eragileekin biltzen, gure kezkak haiei adierazteko. Baina ez zen erraza izan, hemen beste arlo batzuetan zeudelako eztabaidak", gogoratu du Aldalurrek. "Gaztetxean ibiltzen hasi ginenean, esaterako, sistema osoa zalantzan jartzen zuen gune batekin egin genuen topo, baina ez zituzten kolokan jartzen botere harremanak. Ingurukoentzat deserosoak ginen gu, eta eztabaida ugari planteatzen genituen. Espazio txiki horretan, esaterako, gauzak mugitzea lortu genuen: ekainaren 28 batez, mutilak neskaz mozorrotuta herrian poteoa egin genuen. Garai hartan, Azkoitian halakoak egitea probokazio hutsa zen".

"Feminismoak erakutsi du beste eredu batzuk posible direla; aske bizi gaitezkeela, ez besteen irudiari begira"

90eko hamarkadan, hainbat talde feminista sortu zen eskualdean, horien artean, Izarraizpeko Sorginak Azpeitian. Bolada batean han parte hartu ostean, mende berriarekin bat Emakume Taldea jaio zen Azkoitian, eta hara batu ziren bi lagunak; han, beste belaunaldi batzuetako emakumeekin batu ziren, Amaia Ibarmiarekin (Azkoitia, 1979), kasu. Ohikoa den moduan, gaztea zela Martxoaren 8aren inguruko ekitaldien bidez hurbildu zen Ibarmia mugimendu feministara: "Autodefentsa ikastaroa egin zuten herrian, eta probatu egin nuen. Izugarri gustatu zitzaidan hasieratik, eta orduan hasi ziren feminismoarekiko nire jakinminak". Aldalur: "Egitasmo hori argigarria izan zen askorentzat, han irakasten baitzuten ez genuela zertan jasan jasotzen genuen hori. Izan ere, ikastaroan konfiantzazko giroa sortzen zenean, egoera bortitz asko azaleratzen ziren: erasoak, bortxaketak... Garai hartan, Udalari eskatzen genion Azpeititik Azkoitira autobus zerbitzua jar zezan. Izan ere, emakumeek auto-stop egiten zutenean, zenbaitek egoera aprobetxatu eta bortxaketa kasuak-eta izaten ziren".

Ibarmiak azpimarratu duenez, bere belaunaldiko emakumeak Aldalurren eta Lizarralderen bidez hasi ziren feminismoan murgiltzen, eta haiek eramaten zituzten material ugari lantzen zuten asanbladetan. "Pila bat irakurri eta askotariko gaiez eztabaidatzen genuen, hala nola sozioekonomiaz, prekarietateaz eta jubilazioaz. Oso bizirik geunden, kaletik gertu. Ekintzak ere asko eta askotarikoak antolatzen genituen: kartel lehiaketak, afariak, zine forum saioak, elkarretaratzeak...". Talde txikia izanagatik, lan "ugari" egin zutela azpimarratu du Lizarraldek, eta eskualdeko beste taldeekin koordinatzen hasteak konplizitate handiagoa sorrarazi zien borrokan ari ziren inguruko feministei. Izan ere, eskualdean manifestazioak egiten hasi ziren herriz herri, eta bailarako "jende ugari" elkartzen zen mobilizazioetan.

Lizarralderen ustez, egun "edonork" esan dezake feminista dela, baina borroka horretan militatzen hasi zirenean, frankismoa amaitu berritan, feminismoa "estigma" bat zen: "Militatzen hasi ginenean, alderdi politikoen zein sindikatuen artean bazegoen halako erresistentzia bat mugimendu feministaren aurka. Borroka feminista beste borroken ondoren egin behar zela zioten, baina borroka feministak erakutsi du transbertsala dela eta askatasunera eta berdintasunera iristen ez bagara, ez dela bermatzen beste borrokak horretara iritsiko direnik. Talde feministek leku denetan egon behar dute, arlo guztietan eragiteko". Ildo horretan, Ibarmiak azaldu du gerora ere "ezjakintasun handia" zegoela gaiaren inguruan: "Berdintasunaren gaia zeharo arrotza zen gure garaian. Adibidez, Udalak Berdintasun Plana izan zezan borroka egin genuen, eta azkenean, Azkoitiko Emakumeen Taldekook izan ginen plana Udalera aurkeztu genuenak. Egun, ziurtzat jotzen dugu erakundeek Berdintasun Plana izango dutela, baina garai hartan, feminismoa ez zegoen inoren agenda politikoan".

Guztiak bat datoz erakundeek ukatu ezin duten erantzukizuna dutela gizon eta emakumeen berdintasunaren arloan, baina haien ustez, zenbaitek ez du horretarako "benetako" konpromisorik. "Guztien ahotan dagoen kontua da berdintasunarena, baina ondoren, errealitatearekin ez dator bat. Berdintasuna ez dago lehentasunen artean, eta Azkoitian garbi ikusten da hori. Udalak kontratatu berri duen teknikaria berdintasunaz eta prebentzioaz arduratuko da; lanaldiaren erdia izango du, beraz, berdintasunaren alorrean lan egiteko. Berdintasuna Udalaren agenda politikoan egongo balitz, ordea, teknikaria dedikazio osoan egongo litzateke berdintasun arloan lan egiten", adierazi du Haizea Alberdik (Azkoitia, 1994).

Ikasteko, desikasi

Aldalur, Lizarralde eta Ibarmia baino dezentez gazteagoak dira Alberdi eta Andrea Muñoz (Irun, Gipuzkoa, 1996) Sostenipe taldeko kideak. 2016an piztu zen herrian berriz talde feminista bat sortzeko txinparta —Azkoitiko Emakumeen Taldea 2012an desegin zen—, Jabetza Eskolaren barruan egin ziren hainbat egitasmori esker. "Jende askok parte hartu zuen, esaterako, azaroaren 25aren bueltan egin zuten Woman in Black saioan, eta batzuek erabaki zuten Gabonetarako beste ekintza bat prestatzea. Bazegoen, beraz, halako kezka eta interesa, eta hortik sortu zen Sostenipe. Gerora, Emakumeen Mahaia desegin egin zen, eta Sostenipek bere gain hartu zuen gaiari erantzuteko ardura".

"Kontzientzia sortu bada ere, oraindik jarrera matxistak eta toxikoak ageri dira harremanetan"

Alberdiren esanetan, egungo gizarteak identifikatzen ditu talde feministek erantzun behar dituzten egoerak; "horrek erakusten du mezua jendearengana iristen ari dela". Haien arabera, gizartean pausoak eman dira, baina ez behar bezainbeste, eta jendartea, gainera, "ohitu" egin da horrenbeste erasotara eta hilketatara. "Astakeria hutsa da eskubidez beste baten gainean zaudela pentsatzea, baina gertatzen da oraindik, gazteek lehengo harremanak errepikatzen jarraitzen dutelako. Kuriosoa da: kontzientzia sortu da eta lanketa egin da, baina oraindik orain mutil gaiztoek neska batzuk errakarri egiten dituzte, eta harremanetan jarrera matxistak eta toxikoak ageri dira", esan du Aldalurrek. Alberdiren iritziz, sare sozialek kontrolerako bide berriak ireki dituzte, eta Aldalurren ustez, emakumeari "kartzela berri bat" ezarri diote: itxura fisikoarena. Muñozek, berriz, gazteek zein umeek jasotzen dituzten estimuluei aurre egitearen beharraz hitz egin du: "Hezkuntza egokia ematen badiegu ere, zaila da estimulu horiei aurre egitea. Beti egongo gara gurpil berean sartuta: zerbait ikasiko dugu, hura desikasiko dugu eta beste zerbait ikasiko dugu gero". Ibarmiak, bere aldetik, hezkuntzan jarri du arreta: "Iruditzen zait txiki-txikitatik gizarteko esparru desberdinetan balio egokiak erakusteko lana egin behar dugula, bai etxean, bai ikastetxean eta bai gazteek parte hartzen duten ekimenetan". Lizarraldek, berriz, errealitatea deskribatzeko sistemaren oinarrietara jo du: "Diskurtsoa aldatu da, baina gazteek sarean zein bideo jokoetan jasotzen dituzten erreferentziek sistema indartu besterik ez dute egiten. Sistema heteropatriarkatuan, neskei eta mutilei rol desberdinak ezartzen dizkigute, eta orain zenbait gauza esan ezin direnez, beste tresna batzuk dituzte horretarako. Harremanetan betidanik egon da kontrola, baina egungo eredu liberal eta kontsumistan, beste esklabutza batzuk sortu dira".

Horren aurrean, erreferenteak sortzea oinarrizkoa zein beharrezkoa dela azpimarratu dute bost lagunek, eta erakundeek ez ezik, talde feministek "berebiziko ardura" dutela bide horretan: "Erakutsi behar dugu badagoela emakume izateko beste era bat eta zalantzan jarri behar ditugula iristen zaizkigun mezuak. Feminismoak erakusten du beste eredu batzuk ere posible direla; aske bizi gaitezkeela, ez bestearen irudiari begira". Era berean, emakumeentzako espazio propioak eratzea ere premiazkotzat jo dute, halako guneetan emakumeak “aske” sentitzen direlako eta "elkartasunezko eta konfiantzazko giroa" sortzen delako.

Pribilegioei uko egitea

Ibarmiaren ustez, Azkoitiko Emakumeen Taldeak lehen aldarrikatzen zituen arazoek jarraitzen dute egun borrokagai izaten: "Genero indarkeria, emakumeen prekarietatea, etxeko arduren banaketa...". Hain zuzen ere, iazko Martxoaren 8an egin zen greba feministaren ardatzetako bat izan zen zaintza lana, eta arlo horretan "pausoak" eman badira ere, "asko" dago egiteko oraindik. "Gizonek seme-alabak zaintzen dituzte, baina oraindik zama handiena emakumeek dute. Aitak, batez ere, aisialdiko eremuetan ikusten ditugu umeekin, baina egin beharrekoekin pentsatzen ari dena ama da; hark du ardura nagusia", esan du Alberdik. Zentzu horretan, gizonezkoak "eroso" daudela azpimarratu du Lizarraldek: "Gizonezkoek beren pribilegioei uko egin behar diete, baina horretarako prest egon behar dute. Karmele Jaio idazleari zera irakurri nion behin: alabak amari esaten zion senarra ordurik txarrenean korrika egitera joaten zela, mendi lasterketetan dena emanda zebilelako; eta amak erantzuten zion ez kexatzeko, bere garaian txikiteoan ibiltzen zirela. Lehen txikiteoan ibiltzen zirenak orain korrika egitera joaten dira, noiz eta ordurik okerrenean. Batzuek gehiago eta besteek gutxiago egingo dute, baina gehienek ez dituzte beraien pribilegioak ukatzen, eta hor ere garrantzitsua da erreferenteak sortzea". Dena den, berretsi dute mugimendu feminista ez doala gizonen aurka, jakin badakitelako feminismoa haientzat ere "mesedegarria" dela. "Sistemak gizonei erakutsi die modu batekoa izaten eta harremak edukitzen. Mutilei txikitatik erakusten diegu gizontxoa izaten, eta beren azala gizontxo batena bihurtzen da. Baina borroka honetan gure partaide egin behar ditugu, guztiok aterako garelako irabazten".

"Gizonezkoek beren pribilegioei uko egin behar diete, baina horretarako prest egon behar dute"

Guztiak bat datoz azken urteetako Martxoaren 8ak herrian indarra hartu duela esatean, eta hein batean, mugimendu feministak gizartean "zorua" eraiki duelako izan dela uste dute. Iazkoarekin gogoratzean, "zoriontasuna" sentitu zuela azpimarratu du Aldalurrek: "Horrenbeste emakume elkartuta ikustea liluragarria izan zen niretzat. Izan ere, gure garaian ez genuen lortu halako erantzuna jasotzea". Sostenipeko kideek ere aitortu dute egun horretako ekimenetan ez zutela espero halako harrera jasotzea: "Gu ekitaldietara iritsi ginenerako, plaza ia beteta zegoen. Orduko oso oroitzapen onak ditut", esan du Alberdik.

Gizartea "suminduta" dagoela nabari dute, eta berdintasunaren aldeko kontzientzia, hein batean, sendotu egin bada ere, "erne" egoteko zantzuak antzeman dituzte lehengo eta egungo aktibistek, besteak beste, feminismoaren irudia zuritzeko interesak daudela uste dutelako. "LGTBI+ mugimenduarekin Pinkwashing egiten den moduan, feminismoarekin antzeko zerbait gertatzen da. Kapitalismoak erabili egiten du feminismoa, saldu egiten duelako eta modan dagoelako. Bereganatu eta marketina egin du harekin. Eta horrek feminismoa kolokan uzten du; azalekoa bihurtzen du, erroetara joatea eragozten duelako", azaldu du Lizarraldek. Era berean, hainbat sektoretako emakumeek mugimendu feministari egin dizkioten kritikak ere izan dituzte hizpide. "Migratzaile batzuek egurra eman diote mugimendu feministari, eta ildo horretan, egoera zaurgarrian dauden emakumeek asko dute esateko, guk lortu ditugun eskubide batzuk ez baitaude guztien eskura. Etorkinek zurioi egiten dizkiguten kritikak zilegi dira, guk errealitatearen zati bat besterik ez dugulako ikusten".

Bostek egin dute emakumeen berdintasuna eta askatasuna modu kolektiboan aldarrikatzeko hautua, eta borrokarako konpromisoa izan da haiek lotu dituen indarra. Esperientzia bizkar gainean, feminismoa "guztia zalantzan" jartzen duen mugimendua dela berretsi dute belaunaldi zaharreneko emakumeek, eta bidea askatzailea izan dela azpimarratu dute: "Eraldaketa pertsonal handia eragin digu, lanketa pertsonal handia eskatzen duelako", esan du Lizarraldek. Atzera begiratuta, Aldalurrek ere positibotzat jo du militatu zuen garai hura. "Militantzia mota desberdinak egin ditut, eta zalantzarik gabe, hau izan da ederrena, errespetuzkoena". Ibarmiak gaineratu du militantziak "denbora asko eta konpromiso handia" eskatzen duela, baina "benetan betetzen duen jarduna" dela azpimarratu du. Belaunaldi berriek ere hala berretsi dute: "Mundua ikusteko ikuspegia ematen du feminismoak. Kontraesan batzuk sortzen dizkizu, eta horiek kudeatzen ikasi behar duzu. Nire kasuan, jendea ezagutu dut eta guztiok ulertzen garen espazio bat sortu dugu. Izan ere, guztiok egoera antzekoak bizi izan ditugu, eta ederra da espazio seguru bat edukitzea", esan du Alberdik. Hitzok jarraituz, Ibarmiak "indar askorekin" ikusten ditu herriko emakume gazteak, eta haiek egiten duten lana txalotu du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide