Ezustean hartu dute sindikatuek Sidenorrek aurkeztutako aldi baterako lana erregulatzeko txostena

Nerea Uranga 2020ko ira. 14a, 17:56

Sidenorrek aldi baterako lan erregulazioan jarriko ditu enpresako 1.500 langile; Azkoitiko lantegian, 300 behargin aritzen dira lanean. Sindikatuei joan den ostegunean, irailaren 10ean, aurkeztu zien plana enpresak.

Sidenor taldeak Industria eta enplegu trantsizioa izeneko plana aurkeztu zien joan den ostegunean, irailaren 10ean, bere lantegi guztietan ordezkaritza duten sindikatuetako kideei. Plan horren bidez aldi baterako lan erregulazioan jarriko ditu enpresako 1.500 langile; tartean daude Azkoitiko lantegiko 300 behargin. Neurri hori hartuta, enpresak produkzioan zuzenean eragin duen merkatu jaitsierari aurre egitea du helburu. Sidenor taldeak ohar bidez jakinarazi zuen hilaren 10ean bere asmoa, eta adierazi du bertan "enpresaren lehiakortasunari eustea" duela lehentasuna, etorkizuneko emaitzak eta enplegua sustatzeko.

Enpresaren etorkizuna bermatzeko hainbat neurri hartuko dituztela aurreratu du Sidenorrek, eta horien artean nabarmendu du aldi baterako lan erregulazio txostena aurkeztuko diela Euskal Herrian, Katalunian eta Kantabrian (Espainia) dituen egoitzetako langile guztiei. 2021. urteko abenduaren 31ra arte luzatu ahal izango du enpresak egoera hori. Gaur egun, 1.500 langilek egiten dute lan Sidenor taldearen lantegietan; horietatik 300ek Azkoitikoan. Horrez gain, komertzio delegazioak ditu Sidenorrek Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan, eta enpresak hartutako erabakiak horietan ere eragina izango duela adierazi du.

Erabakiaren berri emateko eta egindako plana aurkezteko sindikatuetako ordezkariekin joan den ostegunean bildu zen enpresa. ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuetako kideekin elkartu zen. Enpresaren helburua aldi baterako lan erregulazio txostenarekin langileen kaleratzeak eragoztea da, eta sindikatuekin nahiz erakundeekin negoziazio mahai bat osatu nahi du orain. Hori horrela, enpresak jakinarazi du negoziazio mahaia irekiko duela, "adostasunera iristeko eta egungo egoera ahalik eta ondoen kudeatzeko".

Azkoitiko Sidenorreko langile batzordea hamahiru ordezkarik osatzen dute gaur egun. Honela dago osatuta: ELAk lau ordezkari ditu, LABek eta CCOOk hiruna, USOk bi ditu eta UGTk ordezkari bakarra.

"Krisiari probetxua ateraz"

Sindikatuek ezustean jaso dute Sidenor taldeak aurkeztutako plana. ELAren Urola Kostako industria federazioko Maria Uriak azaldu duenez, bihar, asteartea, da hitz egitekoa sindikatua Azkoitiko langileekin. "Sidenorrek historikoki edozein krisi aprobetxatu izan du langileen lan baldintza estrukturalak aldatzeko edo okertzeko. Hala ere, harrigarria egiten zaigu enpresak lehenagotik planteatu ez izana aldi baterako lan erregulazio txostena ezartzea. Izan ere, osasun krisia hasi zenetik, langile asko etxera bidali izan ditu edota lan gutxiago eginez berdin kobratzen egon dira. Lehenagotik jakinekoa zen autogintza krisia pairatzen ari zela. Horregatik, orain lan erregulazio txostena aurkeztea harrigarria iruditu zaigu. Aztertu nahi dugu plan edo erabaki horren atzean zer dagoen", adierazi du ELAko ordezkariak.

LABek txostena "baztertu" egin du

LABek dagoeneko erabaki du ez duela asmorik aldi baterako espedientea onartzeko. Sindikatu horrek uste du enpresak plana aurkezteko erabilitako formak ez direla egokiak. Kepa Urzelai Azkoitiko Sidenorreko langilea, LAB sindikatuko delegatua eta langile batzordeko kideak hala azaldu du: "Lasai eta tentuz hartu behar da Sidenorren erabakia, baina enpresaren moduak ez dira batere egokiak izan. Enpresaren erabakia inork espero ez genuena izan da: sorpresaz hartu dugu. Ostegunean, bileran geundela, kazeta batek planaren berri eman zuen, eta filtrazioak ezustean harrapatu gintuen sindikatuetako ordezkariok. Horrez gain, atzez aurrera egin da; hau da, aurrena negoziazio mahaia osatu beharko litzateke eta enpresak han jarri beharko luke mahai gainean lana erregulatzeko txostena. Kasu honetan, ordea, espedientea aurkeztu ondoren jarri nahi du martxan hori negoziatzeko mahaia".

Urzelaik aurreratu duenez, orain enpresaren txostena aztertzeko eztabaida mahaia osatu beharko da; hain justu ere, lan erregulazioaren baldintzak erabakitzeko. Etzi egingo dute horretarako lehenengo bilera.

Printzipioz, LABek ez du onartuko enpresak aurkeztutako plana. Horretarako arrazoien artean, besteak beste, enpresak 2016-2019 urteen aldian izandako irabaziak (250 milioi euro) eta akziodunei banatutako dibidenduak (103,6 milioi euro) daudela azaldu du LABek. Bestalde, azken lau urteotan Sidenorren izandako langile murrizketa nabarmendu du sindikatuak: "600 langile gutxiago ditu Sidenorrek. Hau da, 2016. urtean 2.239 langile zituen eta iaz, berriz, 1.651 behargin". Urzelaik Azkoitiko lantegiko kasua azpimarratu du: "Egun baino 120 langile gehiago ari ziren lanean orain dela bi urte. Garai hartan, 400 langile baino gehiago ari ziren Azkoitian eta gaur egun 300 behargin gara. Azken urteotan poliki-poliki murrizten joan dira langile kopurua".

Hori gutxi ez balitz, Azkoitiko plantan enpresak inbertsiorik egin ez izana kritikatu du Urzelaik. "Azken hamar urteetan ez dute inbertsiorik egin Azkoitiko lantegian: zero. Basauriko plantan, aldiz, 200 milioi euro inguruko inbertitu dituzte. Alde horretatik Azkoitian kezkatuta gaude. Azkoitiko Sidenorrentzako azpikontratatuta lan egiten duten enpresa txikiak ere badira inguruan, eta horiei ere eragingo die honek guztiak".

"Premiazko erabakiak"

Osasun krisialdia hasi zenetik  –joan den martxotik–, enpresaren eskariak behera egin du nabarmen, eta enpresaren arabera, "premiazko erabakiak hartu eta ezartzea" beharrezkoa da egoerari aurre egiteko. Gainera, egungo egoerak eta epe motzerako zein ertainerako dauden iragarpenek, "traumatikoak ez diren neurri gehiago hartzeko beharra ekarri dute: aldi baterako lan erregulazio txostena", esan du enpresak oharrean.

Sidenorrek ekoiztutako produktu gehienak autogintzara bideratutakoak dira, eta aurten eskaerek eta prezioek "jaitsiera garrantzitsua" izan dutela azpimarratu du enpresak. Bestalde, errekuntza-motorren inguruan hartutako zenbait erabaki politikok sektorean eragin "negatiboa" izan dutela azaldu du enpresak. Osasun krisialdiak, berriz, "egoera okertu" egin du, Sidenorren arabera. Halere, azaldu du autogintzarena ez dela izan enpresan eragina izan duen arlo bakarra; erregaien arloak, aeronautikak, ekipamendu ondasunek eta meatzaritzak ere "jaitsiera nabarmenak" izan dituzte.

Egoera "zaila" bizi duela adierazi du enpresak, baina  jakinarazi du mantendu egingo dituela datozen hilabeteetarako aurreikusitako inbertsio guztiak, "etorkizunera begira egiten duen apustuaren erakusgarri izateko eta Europako altzairu merkatuaren abangoardian finkatzeko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide