Azkoitiko ikastetxeek desberdin erantzungo diote biharko deituta dagoen hezkuntza grebari

Andoni Elduaien 2020ko ira. 14a, 18:00

Xabier Munibe ikastolako %20ak eta Azkoitia BHIko %83ak egin dute bat biharko sindikatuek deitutako grebarekin.

'Aurrez aurreko hezkuntza itzulera segurua eta adostua' lelopean, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek grebara deitu dute biharko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan. Era berean, hezkuntza arloko azpikontratek —jantokia, garraioa, garbiketa...— ere bat egin dute deialdiarekin, eta ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egin dute deialdia. Azkoitiko eskolek, ordea, ez diete modu berean erantzungo biharko greba deialdiari.

DBH3 eta DBH4 mailetako ikasleak eta Batxilergokoak gaur ziren eskolara itzultzekoak, baina Azkoitia BHIren kasuan egun bat atzeratu dute ikasturte hasiera, biharko greba deialdiarekin bat egin baitu %83ak. Hala eta guztiz ere, gutxieneneko zerbitzuak eskainiko dituzte hala eskatu dutenentzat.

Azkoitiko beste eskoletan, ordea, grebak jarraipen txikiagoa izango du. Xabier Munibe ikastolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako klaustrokideen %20ak egingo du greba. Floreaga ikastetxean, Izarraitz Lanbide Heziketan, Bizilore Eskola Aktiboan eta Xabier Munibe haurreskolan, berriz, ez dute hezkuntza grebarekin bat egingo, eta klaseak normaltasunez eskainiko dituzte.

Floreaga ikastetxeak azaldu du, gaur gaurkoz grebarik ez dela egingo, nahiz eta azken erabakia langileen esku egongo den biharko egunean. Hori horrela, DBH3 eta DBH4 mailako ikasleentzat bihar hasiko da ikasturtea Floreagan. Izarraitz Lanbide Heziketan berriz gaur hasi dute mailakatutako ikasturte hasiera, eta martxan dauden hiru geletan ez dute grebarik egingo. Bizilore Eskola Aktiboak azaldu du, bestalde, autogestionatutako eskola direla, eta beraz, normaltasunez egingo dutela biharko eguna.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide