Bizikleta garbigune publikoa eraikitzeko lanak hasi ditu udalak

Maxixatzen.eus 2020ko ira. 14a, 13:18
Bizikleta garbigunea egingo duten gunea. (Argazkia: udala)

Hamar egun inguru iraungo dute bizikleta garbigunea egiteko lanek, eta bien bitartean bidegorria itxi eta bizikleten zirkulazioa Xabier Munibe kalera desbideratuko dute.

Gaur, astelehena, hasi dira herriko lehen bizikleta garbigune publikoa eraikitzeko lanak. Udalaren arabera, "gero eta eskaera handiagoa" du zerbitzuak, "asko" baitira udalaren iritziz txirrindularitza praktikatzen dutenak edota joan-etorrietarako bizikleta hautatzen dutenak.

Kokapen ezberdinak aztertu ostean, udalak azaldu du erabiltzaile izango direnekin "adostu" duela bizikleta garbigunea Xabier Munibe kaleko autobus geltokiaren atzean eraikitzea. Udalak jakinarazi du kokapenaren hautua bi arrazoigatik egin zuela. Batetik, "bidegorriaren ondoan" dagoela esan du, eta bestetik, "herrigunean eta eskura" geratzen dela.

Aurreikuspenaren arabera, hamar eguneko iraupena izango dute lanek. Hala eta guztiz ere, obrak irauten duten bitartean, tarte labur batean itxi egingo dute bidegorria eta bizikleten zirkulazioa Xabier Munibe kaleko errepidera desbideratuko utea. Udalak 30.000 euro bideratuko ditu bizikleta garbigunea eraikitzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide