Azken hiru egunetan 11 lagunek eman dute positibo Azkoitian PCR probetan

Ostiralean kasu bat atzeman zuen Osasun Sailak, zortzi zapatuan eta bi atzo, igandea. Azken lau egunetan, horrela, 18 kasu zenbatu ditu Osakidetzak Azkoitian.

Osasun Sailak gaur eman ditu jakitera herriz herrikako PCR proben emaitzak. Azkoitian 11 lagunek eman dute positibo azken hiru egunetan. Ostiralean, pertsona batek eman zuen positibo herrian, zortzi lagunek zapatuan eta bik atzo, igandea. Horrela, 18 dira azken lau egunetan egindako PCR probetan Azkoitian atzemandako kasu positiboak.

Eskualdean, guztira, 35 kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak. Azkoitiko 11 kasuez gain, Zarautzen hamahiru detektatu ditu Osakidetzak, bost Orion, hiru Azpeitian, bi Aian eta bat Zumaian. Gainerako herrietan ez du kasu positibo berririk zenbatu. 

Atzo, igandea, guztira 5.990 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 290 laguni zenbatu zieten positiboa; hiru hurraldeetatik kanpo bizi diren zortzi lagunek ere positibo eman dute. Azpimarratzekoa da positibo kopuruen zenbatekoak behera egin duele, izan ere, ostiralean eta zapatuan 669 eta 514 lagunek eman zuten, hurrenez hurren. Egindako PCR kopuruak ere behera egin du azken egunetan. Ostiralean, 9.976 PCR egin zituen Osakidetzak, eta zapatuan, 7.626.

Ospitaleratzeei dagokionez, atzo 25 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurraldeetako ospitaleetan; azken egunetako zifrarik baxuena da hori. Gaur egun 269 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 63 daude egoerarik okerrenean ZIUn. R0 indizeak ere beheranzko joeran jarraitzen du; 0,90ean dago kokatuta gaur gaurkoz.

Nafarroan, bestalde, 283 kasu berri gehiago zenbatu zituzten atzo. 1.771 PCR proba egin zituzten, hau da, proba egindakoen %15,7ak eman zuen positibo. Zortzi lagun ospitaleratu zituzten atzoko egunean, horietako bat ZIUn; egun 135 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan. Guztira zortzi gaixo daude ZIUn, eta hemeretzi etxean daude ospitaleekin harremanetan. Era berean, pertsona bat hil zen COVID-19 gaixotasunari lotuta; guztira 547 lagun hil dira Nafarroan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide