Zazpi kasu positibo berri zenbatu ditu Osakidetzak Azkoitian azken PCR probetan

Andoni Elduaien 2020ko ira. 11a, 13:05

Herenegun lau kasu zenbatu zituen Osakidetzak Azkoitian, eta atzo zazpi kasu positibo gehiago. Osasun Sailak guztira 8.917 proba egin zituen atzo, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 574 kasu zenbatu zituen.

Osakidetzak zazpi kasu positibo berri zenbatu ditu Azkoitian, atzo egindako PCR probetan; azken bi egunetan, beraz, 11 lagunek eman dute positibo herrian. Eskualdean ere kasuek gora egin dute, Azkoitiko zazpi kasuez gain beste hogei kasu atzeman baititu Osasun Sailak: bederatzi Azpeitian, lau Zarautzen, bi Orion eta bana Aian eta Getarian. Beste herrietan ez dute kasu berririk atzeman.

Osakidetzak atzoko egunean 8.917 PCR proba egin zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 528 proba gehiago. Horietatik 574 lagunek (%6,4) eman zuten positibo, herenegun baino 61 lagun gutxiagok. Bizkaia da beste behin Osasun Sailak kasu positibo berri gehien detektatu dituen lurraldea: 308. Gipuzkoan, 185 pertsonak eman dute positibo, eta 70ek Araban. Horrez gain hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 11 lagunek ere eman dute positibo Osakidetzak egindako PCR probetan.

COVID-19 gaitzak jota 247 lagun daude ospitaleratuta egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan; atzo 42 lagun ospitaleratu zituzten. Gaixorik dauden 247 lagunetatik, ordea, 58 daude Zainketa Intentsioben Unitatean (ZIU) ospitaleratuta. Osasun Sailak emandako datuen arabera, RO indizea puntu batekoa –1,00– da. 

Nafarroan, berriz, 302 kasu positibo gehiago zenbatu dituzte. 2.559 PCR proba egin zituzten atzo; %11,7ak eman du, beraz, positibo proban. Hamalau lagun ospitaleratu zituzten gaixotasunarekin lotuta, bakarra ZIUn. Horrela, 123 lagun daude guztira ospitaleratuta Nafarroan eta horietatik zazpi ZIUn; etxean, berriz, hamazazpi pertsona daude gaixorkin ospitaleekin harremanetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide