Intsausti jauregiak Ondarearen Europako Jardunaldiak hartuko ditu irailean eta urrian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 11a, 12:27
Intsausti jauregia.

Intsausti jauregian Foru Aldundiak antolatutako bi ekitaldi egingo dituzte. Irailaren 19an eta urriaren 3an, argazki ondareak kultur eta hezkuntza baliabide gisa duen balioa aurkeztuko dute, eta urriaren 25ean, berriz, Broadwood fortepianoaren aurkezpena eta kontzertua egingo dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak Ondarearen Europako Jardunaldien bosgarren edizioa antolatu du. Lurraldeko ondareari balioa emateko, herritarrengana hurbiltzeko eta kontserbazioaren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko antolatu dituzte jardunaldiak. 40 udalerritan zehar egingo dituzte ekitaldiak, 107 jarduera eta 141 ekitaldi eskaintzeko. Azkoitian izango dira horietako batzuk. "Kultur ondasunek duten eginkizuna baliagarria da gizarte kohesioa eta kultur identitatea indartzeko", azaldu dute.

Europako Kontseiluak 2020ko jardunaldietarako proposatutako leloa 'Ondarea eta Hezkuntza' izan da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egingo dituzten jardunaldiak aldundiekin eta Jaurlaritzarekin antolatu ditu Gipuzkoazko Foru Aldundiak. Jardunaldiek helburu bikoitza dute antolatzaileen esanetan: batetik, ondarearen inguruko transmisioak, hedapenak, eta hezkuntzak ondarea kontserbatzeko duten garrantzia azpimarratu nahi dute, horrela, herritarrek ondarea eskuratu, gozatu eta gorde dezaten zein etorkizuneko belaunaldiei transmititu diezaieten. Bestalde, mota guztietako hezkuntza erakundeek sortu duten materia ondarea eta materiagabea nabarmendu nahi dute. 

Azkoitiko ekitaldiak

Azkoitian bi ekitaldi egingo dituzte. Irailaren 19an eta urriaren 3an, Josu Aramberri Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioak argazki ondareak kultur eta hezkuntza baliabide gisa duen balioa aurkeztuko du online. Intsausti jauregitik emankizuna 11:30ean hasita, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak digitalizatutako eta Interneten argitaratutako argazki artxiboa aurkeztuko du hark. XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako irudiak izango dira ikusgai; besteak beste, musika, antzerkia, industria erakusketak eta artistikoak zein Gipuzkoako marinel ospetsuak. Funts horiek guztiak "kultur baliabide eta hezitzaile baliotsuak" direla azaldu dute antolatzaileek. Doako ekitaldia izango da, baina aurrez izena eman beharko da 648 19 85 16 telefono zenbakira deituta edo josu.aramberri@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Azkoitiko bigarren ekitaldia urriaren 25ean izango da. 12:00etan hasita, 1803. urteko Broadwood pianofortearen aurrez aurreko aurkezpena eta kontzertua egingo dituzte, Intsausti jauregitik. 1803an Londresko 'John Broadwod & Son' enpresan egindako Broadwood pianofortearen aurkezpen teknikoa egingo du Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa den Esteban Elizondok. Intsausti jauregian dagoen pianofortea "ale arraroa" izateaz gain, "aparteko balio historikoa" duen instrumentua dela azaldu dute antolatzaileek. Aurkezpenaren ondoren, gainera, italiar interpreteen, pianisten eta sopranoaren kontzertu bat ikusteko aukera egongo da. Ekitaldia doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da 649 12 48 20 telefono zenbakian, edo comisiongipuzkoa@bascongada.e.telefonica.net helbide elektronikoan. Ekitaldia online ikusteko aukera ere egongo da izena ematen dutenentzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide