Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio txostena aurkeztuko die langile guztiei

Andoni Elduaien 2020ko ira. 10a, 16:56
Altzibarren du egoitza Sidenor enpresak.

"Etorkizuneko emaitzak eta lana" sustatu asmoz aurkeztu du trantsizio plana Sidenorrek. Enpresak azaldu duenez, merkatua "modu kezkagarrian jaitsi" da, eta aldi baterako lan erregulazio txostena aurkeztuko du lantoki guztietako langileentzat. Hori horrela, negoziazio mahaia zabalduko du enpresak. Azkoitiko lantegiko 300 langilerengan izango du eragina enpresaren erabakiak.

Sidenorrek 'Industria eta enlegu trantsizioa' izeneko plana aurkeztu du gaur, osteguna, bere egoitza guztietan ordezkaritza duten sindikatuen aurrean. Enpresaren asmoa da "produkzioan zuzenean eragin duen merkatu jaitsierari aurre" egitea. Konpainiak ohar bidez azaldu duenez, "enpresaren lehiakortasunari eustea" da lehentasuna, etorkizuneko emaitzak eta enplegua sustatzeko.

Enpresak adierazi du, "enpresaren etorkizuna bermatzeko hainbat neurri" hartu dituztela, eta horien artean nabarmendu du aldi baterako lan erregulazio txostena aurkeztuko diela Euskal Herrian, Katalunian eta Kantabrian (Espainia) dituen egoitzetako langile guztiei. 2021. urteko abendura arte luzatu ahal izango du enpresak egoera hori. 1.500 langilek egiten dute lan Sidenor enpresan, horietatik 300 bat lagunek Azkoitiko lantegian. Horrez gain, komertzio delegazioa du Sidenorrek Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan, eta enpresak hartutako erabakiak lurralde horietan ere eragina izango duela adierazi du. Hori horrela, enpresak jakinarazi du negoziazio mahaia irekiko duela, "adostasunera iristeko eta egungo egoera ahalik eta ondoen kudeatzeko".

"Osasun krisialdia martxoan lehertu zenetik, enpresaren eskariak nabarmen egin du behera, eta egoerari aurre egiteko, beharrezkoa izan da urgentziazko erabakiak ezartzea. Gainera, egungo egoerak eta epe motzerako zein ertainerako dauden iragarpenek, traumatikoak ez diren neurri gehiago hartzeko beharra ekarri dute: aldi baterako lan erregulazio txostena", azaldu du enpresak oharrean.

Sidenorrek landutako produktu gehienak autogintzara bideratzen ditu, eta aurten eskaerek eta prezioek "jaitsiera garrantzitsua" izan dutela azpimarratu du. Konpainiak adierazi du, bestalde, errekuntza-motorren inguruan hartutako "zenbait planteamendu politikok" sektoreari "negatiboki" eragin diotela. Osasun krisialdiak, berriz, "egoera okertu" egin duela nabarmendu du enpresak. Halere, Sidenorrek azaldu du autogintzarena ez dela izan enpresan eragina izan duen arlo bakarra; oil&gas arloak, aeronautikak, ekipamendu ondasunek eta meatzaritzak ere "jaitsiera nabarmenak" izan dituztela gaineratu du.

Egoera "zaila" dela adierazi du enpresak, baina konpainiak jakinarazi du mantendu egingo dituela datozen hilabeteetarako aurreikusitako inbertsio guztiak, "etorkizunera begira egiten duen apustuaren erakusgarri izateko eta Europako altzairu merkatuaren abangoardian finkatzeko".

Erabakiaren berri emateko eta "enplegu eta industria trantsizio plana" aurkezteko, Sidenor atzo goizean bildu zen ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin. Enpresaren helburua aldi baterako espedientearekin kaleratzeak eragoztea da, eta sindikatuekin nahiz erakundeekin negoziazio mahai bat osatu nahi du.

Berria.eus-en arabera LABek dagoeneko erabaki du ez duela asmorik onartzeko aldi baterako espedientea. Sindikatu horrek uste du formak ez direla egokiak izan, eta "kontuak garbiak" dituela enpresak. Bestalde, ELAk aldi baterako erregulazioa arrazaoitzeko enpresak egindako txostena jaso nahi du aurrena. Hala ere, sindikatu hori ez dago prest kaleratzerik onartzeko edota langileen kontrako inolako neurririk hartzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide