Langabezia tasa ia %11ra iritsi da Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 9a, 14:52

%9,5etik %10,9ra igo da tasa apiriletik abuztura. Joan den hilaren amaieran, 636 lagun zeuden lanik gabe herrian, Lanbidek emandako datuen arabera.

Konfinamendua martxoan ezarri zutenetik gaur arte langabezia tasak gora egin du etenik gabe Azkoitian; gauza nabaria da osasun krisialdiak gogor kolpatu duela ekonomia ere. Izan ere, Lanbidek emandako azken datuen arabera, azken hilabeteetako langabezia daturik kaskarrena utzi du abuztuak Azkoitian. Hilaren amaieran langabezia tasa %10,9an zegoen Azkoitian. Apiriletik abuztura pasa diren bost hilabeteetan, %1,4 hazi da tasa, apirilean %9,5ean baitzegoen. 

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, abuztuaren amaieran 636 lagun zeuden lanik gabe Azkoitian. Langabe guztietatik 304 ziren gizonak, eta 332 emakumeak; hau da, emakumeak dira langabeen %52,2. Adin tarteka, berriz, aldeak nabarmenak dira; izan ere, 25 urtez azpiko herritarren artean 32 gizon eta 22 emakume zeuden lanik gabe pasatu berri den hilabetean; 25 eta 44 urte bitarteko 139 gizon eta 165 emakume; eta 45 urtetik gorako 133 gizon eta 145 emakume. Azken hilabeteetako joerari eutsiz, gazteen adin tartean emakume langabe gutxiago daude gizonen aldean. Gainerako bi adin tarteetan, ordea, emakume langabeen kopurua gizonena baino handiagoa da. Dena den, abuztuan lanik gabe zeuden herritar gehienak 25 eta 44 urte bitartekoak dira.

Bestalde, abuztuaren amaieran langabezian ziren herritarrek aurrez zer eremutan lan egiten zuten ere zehaztu du Lanbidek: 29 nekazaritzan, 115 industrian, 29 eraikuntzan, 358 zerbitzuetan; 105 lagun zeuden lehendik lanik gabe. 

Eskualdeko datuak

Azkoitiko langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%11,4) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%13,7) azpitik dago. Urola Kostako batez bestekoa, berriz, %9,5 da —uztailean %9,3 zen—; eta zenbateko hori baino %1,4 altuagoa da Azkoitikoa egun. Dena den, eskualdeko ia herri guztietan egin du gora langabeen kopuruak uztailarekin alderatuta: abuztuan, guztira, 3.609 lagun ziren lanik gabe, uztailean baino 99 pertsona gehiago. Eskualdean lanik gabe zeudenetatik 1.991 emakumeak dira eta 1.571 gizonak. Aipatu behar da, gainera, lanik gabe dauden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa dela eskualdeko herri guztietan.

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak:

  • Aia %6,4 (uztailean, %6,3)
  • Aizarnazabal %14,2 (uztailean, %13,4)
  • Azpeitia %10,7 (uztailean, %10,2)
  • Beizama %8,5 (uztailean bezala)
  • Errezil %6 (uztailean bezala)
  • Getaria %7 (uztailean 6,6)
  • Orio %9,5 (uztailean %9,3)
  • Zarautz %9 (uztailean, %8,9)
  • Zestoa %10 (uztailean, %9,7)
  • Zumaia %9 (uztailean bezala)

Datu horien arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena (%14,2), eta haren ostean dira Azkoitia eta Azpeitia. Herri horiek eta Zestoak gainditzen dute eskualdeko tasaren batez bestekoa; tasa berdina dute Orion, eta baxuagoa gainerako herriek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide