GR11 ibilbidea egingo du Imanol Alesonek, Marea Urdina babesteko

Olaia Juaristi 2020ko ira. 7a, 14:09
Imanol Aleson. (Argazkia: J. Sudupe)

Irailaren 15etik 27ra, bi itsaso elkartuko dituen ibilbidea egingo du Alesonek aniztasun funtzionalaren alde.

Mediterraneotik Atlantikoraino, GR11 ibilbidea egiteko asmoa agertu du Imanol Aleson (Azkoitia, 1972) korrikalariak, eta, modu horretan, Marea Urdinari babesa ematea nahi du. Hortaz, GR11 Urdina sortu dute: aniztasun funtzionalaren alde, bi itsaso elkartuko dituen ibilbidea.

Duela bi urte, Gipuzkoako kostaldea gurutzatu zuten hainbat lagunek igerian, eta aurtengo erronka Alesonek GR11 bukatzea izango da. Ultra trail korrikalari ezagunak iraganeko proba askotan Marea Urdina egitasmoari keinu bat egin izan dion arren, oraingoan, lasterketa oso bat egitea erabaki du, aniztasun funtzionala duten pertsonen alde.

Erronka GR11 Transpirenaika ibilbidea burutzean datza, Cap de Creusetik (Girona) Hondarribiko Higer lurmuturreraino. Guztira, 800 km-ko ibilbidea eta 56.000 metroko desnibela gainditu beharko ditu Alesonek –bakarrik eta inolako laguntzarik gabe–. Hamahiru egunetan, irailaren 15ean hasi eta 27an bukatzeko asmoarekin, ibilbide osoa hamahiru etapetan egingo du –ohiko zirkuituak 46 etapa ditu–. Gainera, horietako zati bakoitza aniztasun mota baten alde izango da, eta azkenengoa, hamahirugarrena, gainerako aniztasun guztien alde. Honela banatu dituzte etapak:

  1. etapa (Irailak 15): Cap de Creusetik La Vajolera (84 km), entzumen urritasunaren alde.
  2. etapa (Irailak 16): La Vajoletik Setcasesera (75 km), garun paralisiaren alde.
  3. etapa (Irailak 17): Setcasesetik Cerdanyara (63 km), paralisi brakial obstetrikoaren alde.
  4. etapa (Irailak 18): Cerdanyatik Arinsalera (56 km), Duchenneren alde.
  5. etapa (Irailak 19): Arinsaletik Estaonera (53 km), autismoaren alde.
  6. etapa (Irailak 20): Estaonetik Restancara (46 km), jatorri ezezaguneko gaztetxoen artritisaren (AIJ) alde.
  7. etapa (Irailak 21): Restancatik Estosera (54 km), Goldenharen sindromearen alde.
  8. etapa (Irailak 22): Estosetik Gorizera (61km), Downen sindromearen alde.
  9. etapa (Irailak 23): Gorizetik Sallentera (60 km), Pierre Robin sekuentziaren alde.
  10. etapa (Irailak 24): Sallentetik Izabara (68 km), Charcot Marie Toothen sindromearen alde.
  11. etapa (Irailak 25): Isabatik Burguetera (75 km), Angelmanen sindromearen alde.
  12. etapa (Irailak 26): Burguetetik Berara (63 km), beirazko hezurren alde.
  13. etapa (Irailak 27): Beratik Higer lurmuturrera (30km), gainerako aniztasun guztien alde.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide