Bi kasu positibo atzeman dituzte azken hiru egunetan Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 7a, 13:10

Azkoitiko bi kasu positiboak atzo, igandea, zenbatu zituen Osakidetzak. Eskualdean, guztira, 28 kasu zenbatu dituzte ostiraletik igandera bitartean. Azpeitian atzeman dituzte kasu positibo gehien, hemeretzi guztira.

Asteburuetan ez ditu Osakidetzak koronabirusaren herriz herriko datuak ematen, baina ohi bezala, gaur, astelehena, jakinarazi ditu asteburuan PCR probetan atzemandako kasu positiboak. Azkoitian bi kasu positibo zenbatu dituzte asteburuan, biak atzo, igandea.

Eskualdean guztira 28 positibo berri zenbatu ditu Osakidetzak ostiraletik igandera bitartean. Azpeitian atzeman dituzte positibo gehien: hemeretzi –horietatik lau ostiralean eta hamabost igandean–. Zarautzen, berriz, hiru positibo zenbatu dituzte, hirurak zapatuan. Aian, berriz, bi kasu zenbatu dituzte –ostiralean eta zapatuan bana– eta kasu bana atzeman dute Zumaian –ostiralean– eta Zestoan –igandean–. Bestalde, Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian, Errezilen eta Orion ez dute positiborik atzeman.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, 513 kasu positibo zenbatu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kasu horietatik gehienak beste behin Bizkaian atzeman dituzte, 299 guztira; 162 zenbatu dituzte Gipuzkoan, eta beste 35 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen kasuan, berriz, 17 izan dira PCR proban positibo eman dutenak.

Gorabeherak lurraldez lurralde

Azken egunetako datuekin alderatuta, COVID-19 gaitzaz kutsatutakoen kopuruak nabarmen egin du behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, ostiralean baino 422 kasu gutxiago zenbatu zituzten atzo, eta zapatuan baino 95 gutxiago. Atzo, guztira, 6.190 PCR proba egin zituen Osakidetzak, azken egunetan baino gutxiago.

31 lagun ospitaleratu zituzten atzo koronabirusaren eraginez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Datuak behera egin du zerbait; izan ere, azken egunetan 35 ospitaleratzeren langa gainditu da egunero. Gaur-gaurkoz, gaitzaren eraginez 280 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan, azken egunetan baino gehiago; horietatik 49, gainera, ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan daude ospitaleratuta.

Nafarroan, 108 koronabirus  kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo; egun horretan, 2.593 PCR proba egin zituzten guztira, eta %4,2k eman zuten positibo. Lurralde horretan hamar pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19 gaitzaz kutsatuta; horietako inor ez dago ZIUn. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide