Irailaren 10ean amaituko da etxeen alokairurako gazteentzako dirulaguntza eskatzeko epea

Anartz Izagirre 2020ko ira. 4a, 09:36

18 eta 35 urte bitarteko gazteek eska dezakete laguntza. Etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan ahalko dira onuradunak.

Azkoitiko Udalak dirulaguntza lerro bat du martxan gazteei beren etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko, eta datorren irailaren 10ean, osteguna, amaituko da eskaera horiek egiteko epea. 18 eta 35 urte bitarteko herritarrek eska dezakete laguntza —gutxienez, hamabi hilabetetako alokairua ordaintzeko izango da—, eta hainbat baldintza bete behar dituzte horretarako.

Alde batetik, etxea errentan hartuta izan beharko dute dirulaguntza eskatzen dutenek, eta alokairuaren kontratuak irailaren 10a baino lehen egon beharko du indarrean. Bestetik, etxebizitza partekatzen duen norbanako bakoitzak jaso ahal izango du laguntza, betiere kontratua denek sinatzen badute; kasu horretan, eskatzaile bakoitza bizikidetza unitate independentea dela ulertuko da, eta kontratua sinatzen duten guztien artean proportzionalki banatuta konputatuko da errenta. Horrez gain, eskatzaileek Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programaren laguntza eskaera eginda izan beharko dute laguntza eskatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide