azkoittiko euskerie

Zein da 'takarra' Azkoitiko hitzaren esanahia?

Maxixatzen.eus 2020ko ira. 4a, 07:50
Esku 'takarra'. (Argazkia: Pixabay)

Abuztuko etenaren ondoren Maxixatzenek Azkoitiko euskarazko hitzak bultzatzen jarraitzeko asmoa du, eta ostiralero jarraituko du Azkoitiko hitz bat argitaratzen. Uztailean aurkeztutako azken hitza 'ekumille' izan zen. Oraingoan, 'takarra' hitza aukeratu du Maxixatzenek. Ba al dakizu zein den hitz horren esanahia?

Takarra hitzak hiru adiera ditu gure herrian, eta hona hemen hiru kasuak azalduta:

Lehen kasuan, ukimenari lotuta, takarra hitzak latza esan nahi du. Adibidez, honela erabili daiteke lehen kasu honetan:

  • Azkoitiko hizkeran: "Esku oso takarrak dauzke, beti krema berezixe erosi beher izeteu".
  • Euskara batuan: "Esku oso latzak ditu, beti krema berezia erosi behar izaten du".

Bigarren kasuan, berriz, abilezia gutxiko pertsona dela adierazteko erabili daiteke takarra hitza. Adibidez:

  • Azkoitiko hizkeran: "Hi takarra haiz lan hauek eitteko!".
  • Euskara batuan: "Hik abileziarik ez duk lan hauek egiteko!".

Hirugarren eta azken kasuan, berriz, izaeraz zakarra den pertsonari zuzentzeko erabili daiteke takarra hitza. Hona hemen kasua aurkeztuta:

  • Azkoitiko hizkeran: "Inork eztu nahi iziten beakin jolas eittie; oso takarra da".
  • Euskara batuan: "Inork ez du nahi izaten berarekin jolas egitea; oso zakarra da".

Iturria: Azkoittiko euskerie, Aizkibel beka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide