Lurdes Imaz: "Eskoletan segurtasuna bermatzea ez da erraza izango"

'Berria' egunkaria 2020ko ira. 3a, 15:25
Lurdes Imaz artxiboko irudi batean.

Eskola presentzialak ezinbestekotzat ditu Imazek, baina, 2020-2021eko ikasturtearen berezitasunak ikusita, uste du zenbait ikastetxek baliabide gehiago beharko dituztela.

Irakasle eta zuzendaritza taldeei ez ezik, ikasturte hasierak zer pentsatua eman die gurasori ere. Familien kezkak ulertzen ditu Lurdes Imaz (Azkoitia, 1973), EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioko koordinatzaileak, baina nabarmendu du eskolak ireki beharra dagoela.

Ikasturtea hasteko egun gutxi falta dira. Nola zaudete familiak?

Alde batetik, arduratuta: oraindik zalantza asko daude, egoera berri batean gaude eta familietan kezka bat badago. Baina eskolak ireki beharra ere badago.

Hezkuntza presentzialaren alde egin duzue ikasleen gurasoen konfederazioan, baina, egungo datuak ikusita, segurua al da une honetan haurrak ikasgeletara eramatea?

Egia esan, eskoletan ez da erraza izango segurtasuna bermatzea: ikasle asko biltzen dira, espazioak itxiak dira, eta horrek zailtasunak dauzka. Baina argi daukagu eskola presentziala ezin dela ordezkatu konfinamenduan egin zenaren bidez. Ahalik eta presentzialtasunik handiena izan behar dugu.

Guraso batzuk hasi dira esaten ez dituztela haurrak eskolara eramango. Zuei zer iruditzen zaizue?

Kezka horiek ulertzen ditugu, baina uste dugu lortu behar dugula eskolak seguruak izatea. Beti izan dira seguruak familientzat, eta lortu behar dugu berriz hala izatea. Garrantzitsua da ikastetxeek planak egitea, eta horiek eskola komunitate osoaren onarpena behar dute. Garrantzitsua da [Eusko Jaurlaritzako] Hezkuntza Sailak eta administrazioak ikastetxeen beharrei erantzutea ere.

Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean irakur daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide