Azkoitiko gune historiko monumentala ezagutzeko aukera izango da igandean

Anartz Izagirre 2020ko ira. 3a, 10:05

Juan Bautista Mendizabalek eskainiko du bisita gidatua, eta 12:00etan izango da hitzordua, parrokian. Bisitan izena eman nahi duenak 943-15 18 78 telefonora deitu beharko du edo i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzi.

Azkoitiko Udalak martxan jarri duen Azkoitia Ezagutuz egitasmoaren barruan, herriko gune historiko monumentala ezagutzeko aukera izango da datorren igandean, hilak 6, Azkoitian. Juan Bautista Mendizabal kronista eta turismo zinegotziak gidatuko du bisita, eta 12:00etan hasiko da, parrokian. Bisita doakoa izango bada ere, aurrez izena eman beharko da 943-15 18 78 telefonora deituta edo i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzita, plazak mugatuak baitira.

Igandekoa udalak uda honetarako antolatutako laugarren bisita gidatua izango da, eta irailerako beste bi proposamen luzatu ditu. Batetik, irailaren 19an Santa Klara komentua bisitatzeko aukera izango da; bestetik, irailaren 26an Intsausti jauregia bisitatuko dute.

Ezkutuko altxorrak

Bestalde, Ezkutuko Altxorrak egitasmoaren barruko beste bisita bat izango da irailaren 13an, Azkoitiaren Sorrera deiturikoa. Irailaren 20an, berriz, herriko jauregiak eta dorretxeak ezagutzeko aukera izango da. Bi hitzorduak 12:00etan izango dira, eta doakoak izango dira horiek ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide