Hiru positibo berri hauteman dituzte Azkoitian azken orduetan

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere gora egin dute positiboek, baita egindako PCR proben kopuruak ere. Ospitaleratzeek, berriz, behera egin dute.

Atzoko gisan, azken orduetan bederatzi lagunek eman dute PCR proban positibo Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman ditu atzo gauzatutako proben emaitzak, eta Azkoitian eta Azpeitian hiruna positibo atzeman dituzte, bi Zarautzen eta bat Getarian. Nahiz eta positiboak detektatu, eskualdean azken asteetan baino kopuru apalagoa ari dira zenbatzen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, gora egin du positiboen kopuruak berriz ere. Atzo baino 101 kasu gehiago zenbatu dituzte hiru lurralde horietan; hau da, 546 kasu. Dena den, herenegun baino 1.700 bat PCR proba gehiago egin zituzten atzo: 8.887.

Bizkaia izan da, beste behin, positibo gehien zenbatu dituzten lurraldea: 246. Gipuzkoan, aldiz, 163 atzeman dituzte, eta 91 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste 46 lagunek ere positibo eman dute atzo gauzatutako probetan.

Atzotik, koronabirusari lotuta 250 lagun daude ospiraleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan –herenegun baino bat gehiago–. Horietatik 39 daude ZIUn, herenegun baino sei gehiago. Atzo 39 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan. RO indizea, berriz, 0,99 da, azken asteetako baxuena.

Nafarroan, berriz, 134 positibo zenbatu dituzte azken orduetan egindako 1.618 PCR probetan, atzo baino 34 positibo gehiago. 84 urteko gizon bat hil da, eta bederatzi lagun ospitaleratu dituzte –horietako bat ZIUn–. Gaur-gaurkoz, koronabirusaren eraginez 88 daude Nafarroan ospitaleratuta, atzo baino lau gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide