Gizon batek beste gizon bati eraso egin dio labana batekin Altzibarren

Ertzaintzak adierazi zuenez, 12:30 inguruan izan zen ezbeharra, Altzibarko Anaitasuna plazaren inguruan.

Gizon batek beste gizon bat zauritu zuen labana batekin atzo, igandea, Azkoitian. Ertzaintzak Maxixatzeni adierazi zionez, 12:30 inguruan izan zen erasoa Altzibarko Anaitasuna plazaren inguruan, eta zauritua Donostia Ospitalera eraman zuten zauriekin. Erasotzailea, 21 urteko gaztea, atxilotu egin zuten.

Ertzaintzak gaur, astelehena, ohar bidez adierazi duenez, bi gizonek eztabaida izan zuten elkarrekin egindako lan baten inguruan, eta zor ekonomikoak zeuden tartean. Biktimak agenteei azaldu dienez, Anaitasuna plazan gelditu ziren biak dirua entregatzeko, eta erasotzaileak labankadaz zangoan zauritu zuen biktima; horren ostean, ihes egin zuen. Ertzaintza 21 urteko gaztearen bila ibili zen herrian, eta 13:15 inguruan atxilotu zuten. Erasotzaileak agenteei baieztatu egin die beste gizona zauritu izana.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide