Kasu berri bat hauteman dute azken orduetan Azkoitian

Anartz Izagirre 2020ko abu. 28a, 13:03

Beste egun batez, Azpeitian eta Zarautzen izan dira kasu gehien Urola Kostan, hamahiru eta bost, hurrenez hurren. Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 764 kasu berri hauteman dituzte azken orduetan.

Osasun Sailak eman dituen datuen arabera, 21 kasu berri zenbatu dituzte azken 24 orduetan Urola Kostan, eta Azkoitian kasu bat hauteman dute. Bestalde, Azpeitian hamahiru kasu zenbatu dituzte, Zarautzen bost eta Orion eta Zumaian kasu bana. Gainontzeko herrietan, berriz, ez da kasu berririk izan. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, atzoko datu bera izan da: 764 positibo. Kasu horietatik gehienak Bizkaian atzeman dituzte, 432 kasu; Gipuzkoan, berriz, 225 kasu berri izan dira, eta Araban, 94. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen kasuan, berriz, 13 izan dira PCR proban positibo eman dutenak. Atzo, guztira, 9.176 PCR proba egin zituen Osakidetzak, herenegun baino 423 gehiago.

Ospitaleratutako gaixoen kopuruak ere goranzko joera du, 225 lagun baitaude erietxeetan, atzo baino 8 gehiago. ZIUn dauden gaixoak, berriz, 32 dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide