Koronabirus kasu berri bat zenbatu dute azken orduetan Azkoitian

Anartz Izagirre 2020ko abu. 25a, 13:01

Osasun Sailak jakitera eman duenez kasu berri bat atzeman dute herrian azken orduetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 477 kasu berri hauteman dituzte.

Koronabirus kasuek gora egin dute berriro ere Urola Kostan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beste hamazazpi kasu berri atzeman ditu azken 24 orduetan eskualdean: Zarautzen sei, Azpeitian bost, Orion bi, eta Azkoitian, Getarian, Zestoan eta Zumaian bana.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere igoera txiki bat izan da atzoko datuekin konparatuta. Izan ere, 453 kasu zenbatu zituzten atzo, eta azken orduetan 477 izan dira hiru lurralde horietan PCR probetan positibo eman dutenak: 271 Bizkaian, 132 Gipuzkoan eta 55 Araban. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 19 lagunek ere eman dute positibo proban. Atzo, guztira, 5.669 proba egin zituen Osasun Sailak.

Ospitaleratutako gaixoen kopurua, aldiz, jaitsi egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Atzo, astelehena, 211 ziren ospitaleratutako gaixoak; gaur, berriz, 205 dira. ZIUn dauden lagunak, ordea, 29 dira, atzo baino bi gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide