Koronabirus kasurik ez azken orduetan Azkoitian

Julene Frantzesena 2020ko abu. 18a, 15:45
Artxiboko irudi bat.

Azken zazpi egunetan bederatzi kasu detektatu dituzte herrian, baina azken 24 orduetan ez dute batere zenbatu. Azpeitian bost eta Zarautzen kasu bat izan dira azken orduetan.

Osasun Sailak eman ditu dagoeneko azken orduetako zifrak, eta Azkoitian ez dute koronabirus kasurik atzeman. Azken zazpi egunetan bederatzi kasu detektatu dituzte herrian, baina azken 24 orduetan ez dute batere zenbatu.

Azkoitian ez, baina Azpeitian izan dira kasuak. Dena den, asko jaitsi da positibo kopurua, aurreko egunetako datuekin alderatuz gero: bost kasu atzeman dituzte. Zarautzen, berriz, beste positibo bat detektatu dute. Gainerako herrietan ez dute kasu positiborik zenbatu. 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak eman ditu gaur ere: Bizkaian 185 kasu, Araban 72 eta Gipuzkoan 53 jazo dira. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren herritarren artean beste 11 kasu ere zenbatu dituzte. Atzo hamazazpi lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 165 dira ospitaleratuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur egun, hamazazpi lagun daude ZIUn.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide