Azkoitian hiru koronabirus kasu atzeman dituzte asteburuan

Julene Frantzesena 2020ko abu. 17a, 13:59

Kasuetako bat zapatuan detektatu zuen Osasun Sailak, eta beste biak atzo. Azken zazpi egunetan, guztira, hamabost kasu zenbatu dituzte Azkoitian. Azpeitian ehun positibo atzeman dituzte ostegunetik igandera.

Asteburuko etenaren ostean, gaur eman ditu herriz herriko koronabirus datuak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Azkoitian hiru kasu atzeman dituzte; bat zapatuan eta bi igandean. Azken zazpi egunetan, guztira, hamabost kasu detektatu ditu Osakidetzak.

Azpeitian dago, dena den, orain fokua. Izan ere, Alde Zaharrean sortutako koronabirus agerraldiari lotuta PCR probak egiten ari da Osakidetza han, eta orotara, ehun bat kasu zenbatu dituzte herri horretan joan zen ostegunaz geroztik. Egunotan 3.000 bat proba egin dituzte Betharrametan horretarako prestatu duten gunean, eta gaur eta bihar ere segituko dute PCRak gauzatzen.

Azpeitiko egoerari lotuta, Azkoitiko EH Bilduk koronabirusa saihesteko neurriak zorrozteko eskatu zion Udal Gobernuari. Data seinalatuak direlako eta Azpeitia oso gertu dagoelako egin dio eskaera Udal Gobernuari, eta neurriak hartzerakoan "adostasunak bilatzeko eta batera ekiteko prestutasuna" agertu du koalizioak.

Eskualdean beste zortzi kasu

Eskualdeko gainerako herrietan zortzi kasu atzeman ditu Osakidetzak ostiraletik igandera bitartean. Hain zuzen ere, Getarian hiru kasu, Zarautzen eta Zumaian bina eta Errezilen bat.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei dagokienez, azken 24 orduetan 364 positibo atzeman dituzte hiru lurralde horietan. 204 kasu Bizkaian detektatu dituzte, 80 Gipuzkoan eta 65 Araban. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hamabost lagunek ere eman dute positibo PCR proban. Nafarroan, berriz, 61 kasu atzeman dituzte azken orduetan.

Osakidetzaren arabera, atzo 5.625 PCR proba egin zituzten, eta gaur egun hamalau lagun daude ZIUn ospitaleratuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide